Reala
Aurreneko gola Realarekin
De la Bella (Reala): "Ez nekien sartu zenik ere"
Ander Altuna
Zubieta
Igo ahal izateko iaz baino puntu gutxiago behar izango direla iritzi dio kataluniarrak. "70 puntu ingururen bueltan izango da".
Numantziako Del Pino ez zen ohartu atzetik De la Bella zetorkiola eta baloia ostu bezain pronto atera jaurti zuen kataluniarrak. Gol. Ez zuen sartzen ikusi. "Baloiaren jabe egin nintzenean indar guztiekin jo nuen eta Griezmann zoriontzera hurbildu zitzaidan arte ez nekien sare barrua joan zenik ere. Golaren ospakizunarekin gelditzen naiz. Jokalari-meta bat osatu genuen. Taldearen islada da hori".
Aurrerapauso handia eman zuen atzo talde txuri-urdinak. Dena den, izerdia gogotik bota beharko du oraindik ere. Hori uste du behintzat De la Bellak. "15 aste geratzen dira. Asko eta gogorra egingo zaigu. Inork ez dizu ezer oparitzen eta parekotasuna nabarmena da". Joan den urtean, 80 puntuko mugarria gainditu behar izan zuten igo ziren taldeek. "Gutxiago behar izango dira, ziur. Herculesek 78 batu arren ez zuen helburua lortu. Aurten ez da halakorik gertatuko".
De la Bella irrifartsu bazen, Imanol Agirretxe zer esanik ez. Zortzi asteren ostean taldera bueltatu zen Numantziaren kontra. Garaipenaz irakurketa hauxe egin du. "Hiru puntuak oso oso garrantzitsuak dira. Taldeak konfiantza berreskuratzeaz gain lasaitu ederra hartu du ". Atzoko hiru puntuekin sailkapenaren tontorrera itzuli da talde gipuzkoarra. Horren zergatia topatzeko etxeko partidetara jo behar. Jokoan egon diren 42 puntutatik, 33 batu dituzte. "Klabeetako bat etxean irabazten ari ginala, goiko taldeei gainera. Levante eta Hercules datoz jarraian. Neurketa erabakiorrak izango dira". Anoetak egingo ditu epaile lanak.
Entrenamenduari dagokionez, indarrak berreskuratzeko saioa izan da. Dani Estradak eta Gonzalezek euren kasara dihardute. Gaurtik aurrera Riesgo gehituko zaie. Min hartu du debarrak eskuin zangoko iztarrean. Zuntz hautsia du.