Reala
3-1, Malagaren aurka
Realak porrot mingarria jaso du Rosaledan
Erredakzioa
Lehen zazpi minutuetan bi gol sartu ditu Malagak. Agirretxek aldeak murriztu ditu jarraian. Azken txanpan, etxekoek hamar jokalarirekin jokatu dute. Charlesek hat-tricka lortu eta partida erabaki du.
-
Horrela sartu du lehen gola hat-tricka lortu duen Charlesek. Argazkia: EFE
Realak porrot mingarria jaso du Malagaren aurka (3-1) Rosaledan. Defentsan egindako hutsek eragin dute talde txuri-urdinaren porrota. Charles Malagako aurrelaria izan da partidako izarra Realaren aurka lortu duen hat-trickari esker.
Lehen zatia bizi eta golekin hasi da Rosaledan. Hirugarren minutuan, Malagak lehen gola sartu du. Iñigo Martinezek kale egin du baloia ateratzerakoan, Copek berreskuratu du, pasea Reciori eman eta honen erdiraketa bikain errematatu du Charlesek sare barrura (1-0). Lehen golak indarra eman dio Malagari eta lau minutu beranduago, etxeko taldeak bigarren gola sartu du (2-0). Berriro ere Iñigo Martinezek huts egin du, eta jokaldi honetan ere Charles izan da Malagaren golegilea.
Lehen bi golekin, Realari partida maldan gora jarri zaio. Malaga nagusi izan da lehen minutuetan, baina 14. minutuan Realak aldeak murriztea lortu du. Zurutuzak hegaletik erdiraketa ona atera eta Agirretxek sare barrura bidali du errematea (2-1).
Realaren golaren ostean, norgehiagoka parekatu egin da. Bi taldeek golen bat gehiago sartzeko abaguneak sortu dituzte, baina partida Malagaren aldeko 2-1eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian, Reala gogotsu zelairatu da. Moyesek zuzentzen duen taldea baloiaren jabe izan da lehen minutuetan, baina De La Bellaren eta Rulliren arteko gaizki ulertu baten ondorioz ia Malagaren hirugarrena iritsi da. Etxeko taldeak, ordea, ez du Rulliren ate aurrean asmatu. Handik minutu gutxira, Kamenik eragotzi du Realaren gola. Agirretxek jaurtiketa ona atera eta Malaga atezainak erantzun bikaina eman dio.
Partidako 70. minutuan, Malaga jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Tissonek bigarren txartel horia ikusi du Zurutuzari falta egin eta Realaren kontraerasoa mozteagatik. Aurkaria jokalari bat gutxiagorekin geratu da, eta Realak, jarraian, erasora jo du. 79. minutuan epaileak Agirretxeren gola baliorik gabe utzi du, aurrelaria jokoz kanpoko posizioan egon delako.
Azken minutuetan Realak erasora jo nahi izan du, baina ez du Kameniren ate aurrean abagune argiegirik sortu. Malaga ahal izan duen moduan defendatu da, eta gainera, 88. minutuan, Realak defentsan egin duen beste huts batez baliatu da. Charlesek baloia area barruan jaso eta Rulli gainditu du (3-1). Malagako aurrelariak partida erabakita utzi eta bere taldeari garaipena eman dio Rosaledan lortu duen hat-trickarekin.
Fitxa teknikoa:
3 - Malaga: Kameni; Rosales, Angeleri, Weligton, Torres; Duda (Juanpi, 67. min), Tissone, Recio, Juan Carlos; Cop (Fornals, 72. min) eta Charles (Tighadouini, 90. min).
1 - Reala: Rulli; Elustondo (Xavi Prieto, 77. min), Reyes, Iñigo Martinez, De la Bella; Vela, Illarramendi, Pardo, Canales (Bruma, 77.min); Zurutuza (Jonathas, 71. min) eta Agirretxe.
Golak: 2-0, 4. min: Charles. 2-0, 7. min: Charles. 2-1, 14. min: Aguirretxe. 3-1, 89. min: Charles.
Epailea: Del Cerro Grande.
l Cerro Grande.