Itxi

Reala

Larunbatean bisitatuko du

Realak emaitza onak lortu ditu azken urteetan Benito Villamarinen

Agentziak | Erredakzioa

Donostiako taldeak partida onak egin ditu azken denboraldietan Betisen zelaian, eta larunbatean denboraldiko lehen garaipena lortzen saiatuko da bertan.

  • Mikel Gonzalez eta Antoine Griezmann, Betiseko jolakari baten aurrean, artxiboko irudian (EFE).

    Mikel Gonzalez eta Antoine Griezmann, Betiseko jolakari baten aurrean, artxiboko irudian (EFE).

Reala lanean dago astelehenetik larunbatean Benito Villamarin zelaian Betisen aurka jokatuko duen partida prestatzeko (22:00etan izango da). Hain zuzen, etxetik kanpoko partidei dagokienez, Villamarin zelai egokia izan da azken denboraldietan talde txuri-urdinarentzat.

2014ko apirilean irabazi zuen bertan Realak, eta ia urtebete behar izan zuen Anoetatik kanpo Ligan berriro irabazteko; izan ere, 2015eko martxoan erdietsi zuen garaipena Getafen, bolada txar horri amaiera eman ahal izateko.

2014ko garaipenaz gain, 2011n (2-3) eta 2007an ere menderatu zuen Betis; haren zelaian jokatu dituen azken bost partidetako hiru irabazi ditu Realak. Guztira, historiako emaitza guztiak kontuan izanik, Realak 10 garaipen eta 10 berdinketa lortu ditu Sevillan Betisen aurka, eta 25 aldiz atera da galtzaile.

Azken urteetan, inon ez du Realak lortu emaitza hoberik; orain ere, hiru puntuak behar ditu David Moyesen taldeak, Ligako lehen bi partidatan puntu bana besterik ez baitu lortu.

Iñigo Martinez, Betisi golak egiten dizkiotenen artean

Realeko egungo jokalarien artean, lau nabarmentzen dira Betisen aurkako partidetan golak egiteagatik. Iñigo Martinez da horietako bat, nahiz eta atzelaria izan; Iñigok bi gol sartu dizkio Betisi Andaluziako taldearen kontra jokatu duen azken lau partidetan.

Bi gol horietako bat oso garrantzitsua izan zen; 2011n sartu zuen, Benito Villamarinen bertan, azken minutuetan eta zelaiaren erditik. Philippe Montanier entrenatzailea kanporatua izateko arriskuan zegoen, eta gol horrek salbatu zuen. Garaipena eman zion Realari jaurtiketa ikusgarri hark.

Imanol Agirretxek, Carlos Velak eta Xabi Prietok, euren aldetik, hiruna gol egin dizkiote Betisi bi taldeek Lehen Mailan elkarren aurka jokatu duten partidetan.