Itxi

Reala

Bana

Puntu banaketa eta futbol gutxi, Anoetako derbian (1-1)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Carlos Velak aurretik jarri du Reala partidako 3. minutuan, burukada eder baten bidez. Oscar De Marcosek banakoa egin du 60.ean. Athleticek 10 jokalarirekin amaitu du, Laporte kaleratu egin dutelako.

Realak eta Athleticek bana egin dute Anoetan jokatutako euskal derbian. Emaitza bidezkoa da bi taldeentzat, partidaren jabetza ere banatuta egon baita bien artean; Reala nagusi izan da lehen zatian, eta Athletic, berriz, hobeto aritu da bigarrenean.

Futbol gutxi ikusi dugu lehen zatian, baina Reala nagusi izan da lehen minutuetatik. Egia da neurketa alde jarri zaiela donostiarrei hasi eta gutxira: Carlos Velak gola egin du 3. minutuan, denboraldiko seigarrena, Chry Castroren erdiraketa buruz bikain errematatuz.

Athletic, aldiz, motel aritu da, ideiarik gabe, paseetan huts asko eginda, eta aurrera joateko arazo askorekin. Zubikarairen inguruetara iritsi diren aldi apurrenetako batean, San Josek eta Adurizek oztopo egin diote elkarri, eta donostiarraren burukada kanpora joan da, gutxigatik.

Realak hobeto hartu du lekua berdegunean,e eta 2 eta 0ekoa banakoa baino hurbilago zirudien. Iñigo Martinezek aukera paregabea izan du bigarrena egiteko 11. Minutuan, baina baloia kanpora bota du, bakar-bakarrik errematatu duen arren.

Finnbogasonek ere bere aukera izan du, baina alferrik galdu du errezena gola sartzea zela zirudienean. Carlos Vela izan da atzelari bilbotarrei buruko min handienak eragin dizkiena. Atsedenaldirako minutu gutxiren faltan aukera pare bat izan ditu, baina ez du asmatu.

Bigarren zatian, Athletic hobeto

Atsedenaldiaren ostean zuri-gorriak hobeto atera dira, bizitasun handiagoa agertu dute, eta lehen abisua Muniainek eman du 49. minutuan, baina bere jaurtiketa kanpora Joan da, gutxigatik, zutoinaren ondo-ondotik.

59.an Valverdek Viguera atera du Unai Lopezen ordez, eta, jarraian, banakoa iritsi da: De Marcosek sartu du bilbotarren gola, bolea ederraz,  Susaetak egindako erdiraketari etekina aterata.

Vela desagertuta, David Moyesen taldea ere desagertu egin da. Hala ere, Valverderen gizonek ez dute egoera aprobetxatzen jakin. Bigarren zatiaren erdialdera, galtzeko beldurra gehiago zen bi taldeetan, hiru puntuak lortzeko gogoa baino.

Laporte kaleratuta, Canalesen aukera paregabea

79. minutuan, Fernandez Borbalan epaileak bigarren txartel horia atera dio Laporteri, eta, ondorioz, jokalari zuri-gorriak zelaia utzi behar izan du. Eta handik minutu batera, Canalesek hanketan izan du garaipenaren gola, baina bere erremate bortitzari erantzun bikaina eman dio Gorka Iraizoz atezaineak.

Realak bizkaitarrak estutu ditu azken minutuetan, baina ez da gehiagorako denborarik izan. Azkenean, bana eta puntu banaketa Anoetan.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Zubikarai; Carlos Martínez, Ansotegi, Iñigo Martínez, De la Bella; Bergara, Granero (Zurutuza, 63. min), Xabi Prieto; Chory Castro (Canales, 63. min), Vela eta Finngobason.

1.- Athletic: Iraizoz; De Marcos, San José, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico, Unai López (Viguera, 59. min), Susaeta (Gurpegi, 80. min); Aduriz eta Muniain (Ibai, 78. min).

Epailea: Fernandez Borbalan (andaluziarra). Txartel gorria atera dio 79. minutuan a Laporteri, bigarren horia atera ondoren. Gainera, San Jose, Balenziaga eta Iturraspe jokalariei txarte horia atera die.

Golak: 1-0, 3. min: Carlos Vela. 1-1, 59. min: De Marcos.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic