Itxi

Reala

Joaneko partida

Realak Anoetan erabaki beharko du kanporaketa (0-0)

L.E. | eitb.eus

Txuri-urdinek ez dituzte bigarren zatian izandako aukera argiak aprobetxatu, eta Donostian gainditu beharko dute Oviedo, final-zortzirenetara igarotzeko.

1:22

Realak eta Oviedok hutsean amaitu dute Errege Kopako final-hamaseirenetako partida. Lehen 45 minutuetan kaskar aritu ostean, donostiarrek hobera egin dute bigarren zatian, eta markagailuan aurrea hartzeko aukerak izan dituzte. Hala ere, asmatzea falta izan zaie.

Lehen zatia txarra izan da, gol aukera argirik gabekoa. Moyesek aurreratutakoa bete du eta normalean erabiltzen ez dituen jokalariak zelairatu ditu, Rulli argentinarra atean jarrita. Hervias izan da asturiarrei buruko min apur bat eragin dien bakarra.

Hervias bera izan da, hain zuzen, 29. minutuko jokaldi eztabaidagarriaren protagonista. Realeko jokalaria Oviedoren arean sartu eta erori egin da, asturiarren jokalari batek oztopo eginda, baina epaileak ez du ezertxo ere adierazi.

43. minutuan, Yuriren jaurtiketa kornerrera bidali du Estebanek.

Oviedok, berriz, ezer gutxi egin du erasoan. Señek egindako jaurtiketa izan da jokaldi azpimarragarriena, baina Elustondok baloia urruntzea lortu du.

Aukerak, bigarren zatian

Donostiarren jokoak hobera egin du bigarren zatian, eta hainbat aukera sortu dituzte Oviedoren atearen inguruan. Zurutuzak eman du lehen abisua 48.ean, urrutitik egindako jaurtiketa baten bidez, baina baloia kanpora joan da, gutxigatik.

Finnbogasonek ere aukera argia izan du 56.ean, Estebanen aurrean bakar-bakarrik geratu denean, baina jaurtiketa kanpora joan zaio. Asturiarren atezainak erantzun bikaina eman dio ondoren Chory Castroren boleari. 86.ean, berriz, aukera Herviasek izan du, baina baloia kanpora joan da, berriro.

Horrela, partida golik gabe amaitu da. Elustondok eta Zalduak min hartuta utzi behar izan dute zelaia.