Reala
Lan saio gogorrak
Jagoba Arrasateren denboraldiaurre berritzailea
Realeko jokalariak aurreko urteetakoekin zerikusirik ez duten saioak bizitzen ari dira. Taldea bat eginda egotea da helburua.
-
Jagoba Arrasate, Realeko entrenatzailea. Argazkia: EFE
Reala denboraldiaurreko bigarren astean sartu da. Talde txuri-urdinak bi atariko kanporaketa gainditu beharko ditu Europa Ligan jokatu ahal izateko. Hori dela eta, Jagoba Arrasatek denboraldiaurre berritzailea diseinatu du. Helburua taldea bat eginda egotea da.
Iragan astean bizikleta estatikoan saioak egin zituzten, eta Adarra mendira ere igo ziren jokalariak. Arrasate entrenatzaileak ere parte hartu zuen mendiko igoera horretan.
Zubietan lan handia egin da instalazioak hobetzeko eta jokalariek bertan egingo dute lo Zubietako zelaiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Philippe Montanier izan zen Zubietako lanen bultzatzailea eta Jagoba Arrasate bere laguntzaile zenez, frantziarrak etorkizunerako pentsatuta zuen plana aurrera eramatea erabaki du.
Denboraldiaurrea Zubietan prestatuko du Realak lan saio bikoitzekin. Larunbat honetan jokatuko dute txuri-urdinek denboraldiaurreko lagunarteko lehen neurketa. BBVA Ligako taldeetatik Reala izango da 2014-2015. denboraldian partida ofizialak jokatuko dituen lehena.