Reala
Granadaren aurka Anoetan
Garaipenak ihes egin dio Realari, luzapenean (1-1)
Erredakzioa
Ighalok 93. minutuan sartutako golak urrezko puntu eman dio Granadari, eta Reala sailkapeneko seigarren postuan da, 58 punturekin.
Realak puntu bat eskuratu du Anoetan Granadaren aurka (1-1), BBVA Ligako 36. jardunaldiko partidan. Carlos Velak etxekoen gola egin du 77. minutuan, baina Ighalok neurketa berdindu du, luzapenean.
Donostiarrek egindako partida hasiera intentsitate handikoa izan da. Aurkariak kostata berreskuratu du baloia, eta Reala izan da behin eta berriro erasoan jokatu duen taldea. Seferovicek izan du, 4, minutuan, neurketako aurreneko gol-aukera. Ondoren, Griezmannek, Canalesek eta Velasek markagailua estreinatzeko aukera izan dute. Arrasateren gizonak ziren jaun eta jabe.
Baina Granada minutuek aurrera egin ahala suspertu da, eta jokoa parekatzea lortu du. 28. minutuan gola sartzeko aukera paregabea izan du: Recioren jaurtiketak Mikel Gonzalezen jo du, eta baloia kanpora joan da, oso gutxigatik.
Atsedenaldira heldu aurretik, 1-0ekoa sartzeko zorian izan dira Griezmann, Canales eta Seferovic. Frantziarrari erremate akrobatikoa atera zaio kornerretik, baina baloia gora joan da eta Canalesek gutxigatik ez du Karmezis atezaina ezustean hartu, ezkerrarekin egindako jaurtiketa batean. 41.ean suitzarrarentzat izan da abagunea.
Bigarren zatia hasi eta berehala, eta bi minututan, hamar gizonekin geratu dira taldea biak. 54.ean Iñigo Martinezen eskua eskatu dio Reciok Teixeira Vitienesi, eta epaileak bigarren horia atera dio. 56.ean, gorria ikusi du zuzenean Mikel Gonzalezek Iturrari sarrera itsusia egin eta gero.
Neurketa parekatu egin da, baina Realak gola egiteko lanean jarraitu du. Hala ere, gutxigatik ez du Pitik 0-1eko gola egin. Bere erremateak Claudio Bravoren ezkerreko zutoinean jo du. Norgehiagoka irekita zegoen.
77.ean Realaren aldeko gola egin du Carlos Velak. Mexikarrak "Chory" Castrok hegaletik egindako erdiraketa baliatu du Donostiako taldea aurreratzeko. Lucas Alcarazen taldeak ez du amore eman eta 93.ean berdinketaren gola egin du Ighalok.
Granadak urrezko puntua eskuratu du Donostian, eta Reala seigarren postuan geratu da, Sevillak baino bi puntu gutxiagorekin.
Fitxa teknikoa:
1 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Mikel, Iñigo Martinez, De la Bella; Bergara, Pardo (Elustondo, 81'), Canales; Griezmann (Agirretxe, 75'), Vela eta Seferoric (Chory Castro, 66').
1 - Granada: Karnezis; Nyom (Foulquier, 81'), Ilori, Murillo, Brayan Angulo; Fran Rico, Iturra (Ighalo, 81'), Rico, Recio; Piti, Riki (Buonaffotte, 72'), El Arabi.
Golak:
1-0, 77': Vela.
1-1, 90': Ighalo.