Itxi

Reala

Celtaren aurka, Balaidosen

Realak puntu batekin konformatu behar izan du (2-2)

Erredakzioa

Bigarren zati osoan gizon bat gehiagorekin aritu dira, eta markagailua alde izan dute (1-2), baina ez dira partida erabakita uzteko gai izan. Celtak 82. minutuan berdindu du partida.

Realak bi puntu utzi ditu (2-2) Celtaren aurka Balaidosen, BBVA Ligako 33. jardunaldiko partidan. Bitan aurreratu dira txuri-urdinak markagailuan, baina ez dira partida erabakita uzteko gai izan, eta, azkenean, puntu batekin konformatu behar izan du.

Talde donostiarra indartsu zelairatu da, aurkaria baino askoz kontzentratuago, eta aurreneko ordu laurdenean neurketa erabakita uzteko moduko gol-aukerak izan ditu. 8. Minutuan estreinatu du markagailua Sergio Canalesek, ezkerrarekin gol ederra sartuta. Yoelek ezin izan du baloia gelditu. Realaren errenta hori handitzeko abaguneak sortu dituzte geroago Iñigo Martinezek eta Velak.

Baina Celta suspertu da, eta baloiaren jabetza bereganatu du. Celtak berdinketa nahi zuen, eta Nolitok, Rafinhak, Mario Bermejok eta Kronh-Dehlik lana eman diete Realeko atzelariei eta Claudio Bravo atezainari. Asko sufritu dute txuri-urdinek minutu horietan.

36. minutuan erdietsi dute asturiarren berdinketa, Estrada Fernandez epaileak Iñigo Martinezek Mario Bermejori egindako penaltia adierazi duenean. Nolitok ez du hamaika metroetatik kale egin, eta partida berdindu du (1-1).

Dena den, atsedenaldira joan aurretik, Antoine Griezmannek kalitate handiko jokalari erabakigarria dela erakutsi du, eta Realaren bigarren gola egin du frantziarrak 42. minutuan. Pasea Imanol Agirretxerena izan da, eta Griezmannek, txokotik, gol ederra sartu du.

Bigarren zatia hasi eta berehala, hamar jokalarirekin geratu da Celta. Aurtenetxek sarrera itsusia egin dio Velari, eta epaileak txartel gorria atera dio. Realak hirugarrena egiteko bi gol-aukera argi izan ditu 58. eta 60. Minutuetan, eta bietan Griezmann izan da protagonista. Aurrenekoan, bakarrik geratu da Yoelen aurrena, baina baloia kanpora bidali du; eta bigarrenean, Jonnyk aldaratu du baloia.

Arrasateren gizonak ez dira partida erabakita uzteko gai izan, eta 82. minutuan 2-2koa egin du Minak eskuinarekin jaurtiketa bortitza eginda.

Fitxa teknikoa:

Celta: Yoel; Hugo Mallo, Cabral (Iñigo Lopez, 70'), Aurtenetxe, Jonny; Fontas, Rafinha, Krohn-Dehli; Augusto (Orellana, 61'), Nolito eta Bermejo (Santi Mina, 61').

Reala: Bravo; Zaldua, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Jose Angel; Markel Bergara; Zurutuza (Chory Castro, 86'), Canales (Ruben Pardo, 76'), Griezmann, Vela; eta Agirretxe (Seferovic, 82').

Golak:

0 - 1, 8', Canales.

1 - 1, 37', Nolito.

1 - 2, 42', Griezmann.

2 - 2, 82', Santi Mina.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea