Itxi

Reala

1-0 Valentziaren aurka

Garrantzi handiko hiru puntu eskuratu ditu Realak, kostata

Erredakzioa

Aukera gutxiko neurketa izan da, baina Imanol Agirretxeren golari esker aurrera begira jarraituko du Jagoba Arrasateren taldeak.

0:41

Realak urrezko hiru puntu eskuratu ditu Valentziaren aurka (1-0), Anoetan, jokatutako neurketan. Garaipenaren gola Imanol Agirretxek egin du, 60. minutuan.

Zuhurtziaz jokatu dute talde biek lehen zatian. Ez batak ez besteak ez zuten arriskatzeko asmoa, eta aurreneko 45 minutuetan gol aukera eskasak egon dira.

Griezmannek bat izan du neurketaren hasieran, eta valentziarrak pare bat aldiz hurbildu dira Claudio Bravok defendatutako ate ingurura. Reala zen etxekoa, baina Pizziren gizonek sortu dute arrisku gehiago. Realak ez du eroso jokatu.

Bigarren zatiaren hasiera ere erritmo gutxikoa izan da, baina 60. minutuan partida aldatu da. Valentziak markagailua estreinatzeko aukera izan du jokaldi nahasi batean, eta hurrengo jokaldian gola egin du Realak: Jose Angelek ezkerretik erdiratu du, eta Imanol Agirretxek gol ederra sartu du, buruz.

68.ean etxekoen bigarren egiteko abagunea izan du Antoine Griezmannek. Agirretxek pase bikaina eman dio, eta bakarrik geratu da Diego Lopezen aurrean, baina atezainaren gorputzarekin egin du topo. Amaierara arte asko sufritu du Realak, baina garaipena etxean geratu da azkenean.

Fitxa teknikoa:

1 - Reala: Bravo; Zaldua, Iñigo Martinez, Mikel, Jose Angel; Bergara, Zurutuza, Canales (Ruben Pardo, 78'); Vela, Griezmann eta Agirretxe (Xabi Prieto, 81').

0 - Valentzia: Diego Alves; Barragan, Senderos, Victor Ruiz, Bernat (Michel, 82'); Parejo, Keita, Feghouli; Vargas (Araujo, 68'), Piatti (Fede, 54'), Jonas.

Gola:

1-0, 61': Agirretxe.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala gaur