Reala
ERREGE KOPA
Realak agur esan dio Kopari
Erredakzioa
Txuri-urdinek ez dute amore eman, eta azken unera arte saiatu dira, baina Leo Messiren golari esker finalerako txartela lortu du Realak. Donostiarrena Griezmannek egin du.
Realak ezin izan du Errege Kopan aurrera egin, eta txapelketatik kanpo geratu da, Bartzelonaren aurka finalerdietako itzuliko partidan 1-1eko emaitza lortuta (2-0 nagusitu zen Barça joanekoan).
Indartsu eta kontzentratuta zelairatu da talde txuri-urdina, partidari erritmo altua ezartzeko asmoz. Eta lortu egin du. Aurreneko minutuetan, Jagoba Arrasateren gizonek egindako jokoak Barçaren ohiko harmonia oztopatu du, baina neurketak aurrera egin ahala suspertu da Tata Martinoren taldea.
Leo Messik markagailua estreinatu du 26. minutuan, ezkerrarekin sarea zulatuta. Realeko atzelariek ezin izan dute argentinarra gelditu, eta "arkakusoak" Zubikarai gainditu du.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Carlos Velak langara bidali du baloia, eta minutu bat geroago geldiketa bikoitza egin behar izan du Eñaut Zubikaraik. Atezainak Messiren eta Cescen jaurtiketak aldaratu ditu.
Finalerako txartela poltsikoan zuela, eroso eta presarik gabe aritu da Barça. Hala ere, txuri-urdinek ez dute amore eman, eta, 86.ean, Griezmannek partida berdindu du, gol ederra eginez. Zaleek taldearen ahalegina eskertu dute.
Fitxa teknikoa:
Reala: Zubikarai; Zaldua, Ansotegi, Mikel G., Jose Angel; Gaztañaga (Elustondo, 66'), Zurutuza; Xabi Prieto (Canales, 81'), Vela, Griezmann; eta Seferovic ('Chory' Castro, 61').
Bartzelona: Pinto; Alves, Pique, Mascherano, Alba; Busquets (Bartra, 90'), Xavi (Song, 66'), Iniesta; Pedro (Alexis, 76'), Messi eta Fabregas.
Golak:
0-1. 26', Messi.
1-1. 86', Griezmann.