Itxi

Reala

BBVA Liga

Bi puntu garrantzitsuk ihes egin dute Anoetatik (0-0)

Leire Etxazarra | eitb.com

Donostiarrek berdinketa baino ez dute lortu Levanteren aurka, partida kontrolpean eta aukera garbiak izan arren.

4:16

Bi puntu garrantzitsuk ihes egin diote Realari Anoetan, Joaquin Caparrosen Levanteren aurka 0 eta 0 berdinduta. Txuri-urdinek aukera argiak izan dituzte gola egiteko, baina Keylor Navas atezaina bikain aritu da eta gipuzkoarren aukera guztiak ezerezean utzi ditu.

Lehenengo zatian donostiarrak jaun eta jabe izan dira, bai jokoari eta bai aukerei dagokienez. Baloiaren jabetza txuri-urdinena izan da, eta Jagoba Arrasateren mutilak jo eta ke aritu dira erasoan, baina Levante atzean sartuta egon da eta zulo gutxi utzi ditu.

Hala ere, Realak golen bat sartzea merezi izan du. Lehen aukera argia 14. minutuan eduki du Agirretxek, baina horren erremateak Navas atezainaren gorputza jo du.

20. minutuan, berriz, Griezmannek izan du bere taldea aurretik jartzeko aukera, baina Levanteko atezainak ateko marraren gainean harrapatu du baloia. 43an, Griezmannek berak aukera bikoitza izan du: birritan egin du errematea Realeko jokalariak, eta Navasek erantzun bikaina eman dio bietan.

Caparrosen taldeak, aldiz, ezer gutxi egin du erasoan, eta Claudio Bravok lasai asko igaro ditu lehen 45 minutuak. Barralek atsedenaldiaren atarian egindako jaurtiketa izan da Levantekoen jokaldirik azpimarragarriena.

Asmatu ezinda

Bigarren zatia lehenengoaren ildo beretik joan da: kontrola eta aukerak donostiarrenak izan dira. Chory Castrok eta Carlos Velak izan dituzte argienak, 59. eta 71. minutuetan, hurrenez hurren.

Levantek, aldiz, ez du ezertxo ere egin erasoan. Aukera aipagarriena, David Barralek urrutitik egindako jaurtiketa. Azkenean, berdinketa Anoetan. Realak Bartzelonaren kontra du hurrengo hitzordua, Kopako finalerdietako itzulerako partidan.

Fitxa teknikoa:

0.- Reala: Bravo; Carlos Martínez, Iñigo, Ansotegi, José Ángel; Bergara (Canales, 76. min), Pardo, Xabi Prieto; Griezmann, Agirretxe (Seferovic, 76. min), Chory Castro (Vela, 65. min).

0.- Levante: Navas; Juanfran, David Navarro, Vintra, Nikos (Nagore, 24. min); Pedro López, Diop, Simao; Ivanschitz, Barral (Diawara, 73. min), Casadesús (Rubén, 60. min).

Epailea: Clos Gómez. (Aragoikoa). Txartelak atera dizkie Carlos Martínez, Nagore, Vintra eta Ivanschitz jokalariei.