Itxi

Reala

3-1, Racingen aurka

Realak finalerdietara sailkatzeko aurrerapausoa eman du

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 3-1 irabazi dio Racingi final-laurdenetako joaneko partida. Mikel Gonzalezek bi gol sartu ditu, Velak egin du hirugarren eta Konek aldeak murriztea lortu du.

  • Reala. Argazkia: EFE

    Realeko jokalariak Mikel Gonzalezek sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak 3-1 irabazi dio Racingi Anoetan jokatu den Errege Kopako final-laurdenetako joaneko partida, eta kanporaketa bideratuta utzi du. Datorren astean Santanderreko Sardinero zelaian jokatuko da itzulerako partida.

Lehen minututik Reala izan da baloiaren jabe eta hirugarren minutuan iritsi da partidako lehen gola. Realak landutako jokaldia egin du alde izan duen korner batean eta Mikel Gonzalezek aurkariaren markarik gabe, Mario atezaina gainditu du (1-0).

Gola sartu ondoren Realak jaun eta jabe izaten jarraitu du, baina ez du abagune argiegirik sortu. Racingek ezer gutxi egin du lehen zatian, baina 30. minutuan gola gertu izan du. Andreuk falta jaurtiketa ona egin du, baina Zubikaraik Racingen gola eragotzi du gelditu bikaina eginda. Hiru minutu geroago, Realak bigarren gola sartu du, eta oraingoan ere Mikel Gonzalez izan da golegile. Chory Castrok pase dotorea eman dio, eta Realeko defentsak ez du ate aurrean barkatu (2-0). Horrenbestez, norgehiagoka Realaren aldeko 2-0eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatian ere Reala izan da baloiaren jabe eta Racing lehen zatian baino zerbait gehiago egiten saiatu da. Kantabriako taldeak abagune ona izan du 52. minutuan, baina Zubikaraik erantzun ona eman dio Lafuenteren jaurtiketari. Jarraian Realak ere izan du hirugarren gola sartzeko aukera, baina Mario atezainak Seferovicen errematea desbideratzea lortu du. Lehenengoan barkatu egin du Realak, baina 61. minutuan, Velak baloia area barruan jaso eta 3-0ekoa sartu du.

Azken minutuetan, Reala erlaxatu egin da, eta Racingek aldeak murriztea lortu du. Iñakik eradiraketa ona egin eta Konek sare barrura bidali du errematea (3-1). Azken txanpan bigarren gola sartzetik gertu egon da Racing, baina Marianok 88. minutuan egin duen errematea oso gutxigatik kanpora joan da. Azkenean, Reala atera da garaile 3-1eko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

Reala: Zubikarai, Mikel, Iñigo, Zaldua, José Ángel, Gaztañaga, Ros (Pardo, 71. min), Prieto (Griezmann, 76. min), Chory Castro, Vela (Zurutuza, 63. min) eta Seferovic.

Racing: Mario, Francis, Oriol, Barrio, Iñaki, Andreu, Saul Garcia, Javi Soria (Borja Granero, 65. min), Kone, Miguélez (Duran, 71. min) eta Lafuente (Mariano, 58. min).

GOLAK:

1 - 0, 4. min, Mikel Gonzalez.

2 - 0, 33. min, Mikel Gonzalez.

3 - 0, 61. min, Vela.

3 - 1, 82. min, Kone.

Epailea: Velasco Carballo.