Itxi

Reala

BBVA Liga

Granadan lortutako hiru puntuek bosgarren postura igo dute Reala

L.E. | eitb.com

Jagoba Arrasateren taldea 1 eta 3 gailendu zaie andaluziarrei Nuevo Los Carmenes zelaian. Griezmannek gol bat egin du eta Carlos Velak bi. Mexikarrak 100. partida jokatu du Realarekin.

1:07

Realak urrezko garaipena lortu du Granada aldean, eta horri esker urtea bosgarren postuan amaituko dute txuri-urdinek. Gipuzkoarrek partida serioa egin dute; Granadak, aldiz, erraztasun asko eman ditu defentsan, baina arrisku handia sortu du erasoan.

Azkenaldiko legez, donostiarrei kosta egin zaie jokoan sartzea. Lehen minutuetan baloia andaluziarrena izan da, baina jabetzari ez diote etekin handirik atera, arriskua sortzeko arazoak izan baitituzte.

Txuri-urdinen lehen aukera argia 23. minutuan izan da. Griezmannen jaurtiketa bortitza Roberto atezainak gelditu du, Carlos Velak ezkerreko aldetik egindako jokaldi bikainaren ostean. Markel Bergara ere urrutitik saiatu da, baina jaurtiketa kornerrera urrundu du Granadakoen atezainak.

Eta lehen gola 29. minutuan iritsi da: Griezmannek pase luzea eman dio Carlos Velari eta honek baloia sareetara bidali du. 100. partida era ezin hobean ospatu du mexikarrak. Los Carmeneseko zaleek protesta egin dute, jokaldia hasi denean Granadako jokalari bat lurrean baitzegoen, min hartuta, eta Realekoek ez dute baloia kanpora bidali.

Zortzi minutu iraun dio pozak Jagoba Arrasateren taldeari, 37.ean Pitik sekulako gola sartu baitu oso urrutitik jaurtita. Carlos Bravo aurreratuta harrapatu du eta baloia gipuzkoarren atean sartu da.

Ondoren, Velak aukera bikaina eduki du bigarrena egiteko, baina bere burukada ahulari erantzun ona eman dio Robertok. Lau minutu geroago 1 eta 2koa egin du Realak: Antoine Griezmannek sartu du, kontraeraso batean, berriro ere. Griezmannek 11 gol sartu ditu jada, aurtengo denboraldian.

Velaren bigarrena

Bigarren zatian, Granada jo eta ke atera da erasora eta arriskua sortu du donostiarren area inguruan. Hirugarrena sartzea ezibestekoa zuten Realekoek, partida amaieran ezustekorik ez hartzeko.

Eta sartu, sartu dute. Carlos Velak egin du kontraerasoan. Mexikarraren bigarrena izan da, 65. minutuan.

Azken txanpa zoroa izan du neurketak, erasoak area batean eta bestean izan dira, baina markagailuko emaitza ez da aldatu. Azkenean, beraz, garaipena Arrasateren mutilek eraman dute. Urrezko hiru puntu, 2013. urtea sailkapeneko bosgarren postuan amaitzeko.

Fitxa teknikoa

1- GRANADA: Roberto, Foulquier, Diego Mainz, Murillo, Angulo, Iturra (Riki, 67. min), Yebda (Recio, 49. min), Fran Rico, Brahimi, Piti y El Arabi (Ighalo, 77. min).

3- REALA: Bravo; Carlos Martínez, Ansotegi, Íñigo Martínez, José Ángel; Bergara, Pardo (Ros, 92. min), Prieto; Carlos Vela, Agirretxe (Elustondo, 82. min) y Griezmann (Seferovic, 88. min).

Golak: 0-1, 29. min, Vela. 1-1, 37. min, Piti. 1-2, 42. min, Griezzman. 1-3, 65. min, Vela.