Itxi

Reala

Aurrekontua, onartuta

Aperribay bost urte gehiago izango da Realeko presidente

Erredakzioa

Gainera, Realeko akziodunek 2013-2014 denboraldirako aurrekontua onartu dute (48,6 milioi euro), txuri-urdinen historiako altuena.

1:17

Realeko akziodunek 2013-2014 denboraldiko aurrekontuak onartu dituzte gaur (48,6 milioi euro), txuri-urdinen historiako aurrekonturik altuena, eta Jokin Aperribay, berriz ere, presidente gisa hautatu dute datozen bost urteetarako.

Donostiako taldeak ia 49 milioi euroko aurrekontua izango du, 2002-2003 denboraldian baino 4 milioi gehiagokoa (orduan ere jokatu zuen Txapeldunen Liga); bere historiako altuena.

Bazkideek ia aho batez agertu diote babesa Aperribayri, bazkideen % 97k jarraitzearen aldeko botoa eman baitute. Presidentearen helburua argia da: Anoeta birmoldatzea eta taldeak Europan sarriago jokatzea.

"Asmo handikoak izan nahi dugu, Europan sarriago egon nahi dugu", esan du Realeko presidenteak.

Taldeak dituen jokalariak mantendu nahi dituela ere argi utzi nahi izan du Aperribayk. Hala ere, Iñigo Martinezek eta beste jokalari batzuek "beste talde batzuen interesa" piztu dutela ere onartu du.

Gainera, azken bost urteetan hiru etapa bereizi ditu Aperribayk: "Larrialdia, egonkortasuna eta, orain eta etorkizunean biziko duguna, finkatzea". Helburu hori lortzeko bidean, azken urteotan izan duen lantalde bera izango omen du.