Itxi

Reala

5-1

Realak Betis jipoitu eta Europa Ligako postuetan jarraitzen du

Erredakzioa

Txuri-urdinek 5-1 irabazi diote talde andaluziarrari Anoetan. Agirretxek bi gol sartu ditu. Anostegik, Griezmannek eta Xabi Prietok gol bana sartu dute.

2:55

Realak garaipen garrantzitsua lortu du Betisen aurka (5-1). Talde txuri-urdinak BBVA Ligako azken sailkatua jipoitu du Anoetan. Garaipen honekin, Reala sailkapeneko seigarren postuan mantentzen da.

Norgehiagoka erritmo biziarekin hasi da, baina lehen hamar minutuetan Reala izan da nagusi. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea izan da baloiaren jabe lehen minutuetan eta Agirretxek seigarren minutuan sartu du 1-0ekoa. Ruben Pardok pase ona eman dio eta aurrelari txuri-urdinak maisuki gainditu du Andersen atezaina. Realak gola sartu ostean, ordea, Betis hasi zen agintzen eta Bravoren ate inguruan arriskua sortzen. Ruben Castrok 12. minutuan eman du lehen abisua, eta 16.ean Jorge Molinak sartu du banakoa (1-1). Vadillok jokaldi dotorea egin, Molinari pasea eman eta Betiseko aurrelariak ez du kale gin Bravo atezainaren aurrean.

Bana berdindu ostean, bi taldeek izan dituzte bigarren gola sartzeko abaguneak, baina bietako batek ere ez du aurkariaren atea zulatzea lortu. Jorge Molinak 27. minutuan egin duen jaurtiketa zutoinera joan da, eta 33. minutuan Andersenek Realaren gola eragotzi du Griezmannen jaurtikera desbideratu ostean. Betiseko atezainak beste erantzun on bat eman dio Velak egindako jaurtiketa indartsuari, 37. minutuan. Honenbestez, lehen zatia berdinduta bukatu da (1-1).

Bigarren zartiari Betisek ekin dio hobeto eta lehen minutuetan nagusi izan da Andaluziako taldea. Realak, ordea, Betisen erasoei eusten jakin du, eta une txarrenak pasatzen ari izan denean etorri da txuri-urdinen bigarren gola. Ansotegik 54. minutuan sare barrura bidali du kornerretik etorri den erdiraketa, eta 2-1ekoa jarri du markagailuan. Bigarren golak min egin dio Sevillako taldeari, eta Reala indarberritu egin da. Ondorioz, 61. minutuan, txuri-urdinek garaipena bideratuta utzi dute Griezmannek sartu duen golari esker (3-1).

Hirugarren gola jaso ostean Betis erreakzionatzeko gaitasunik gabe geratu da, eta Realak festa biribiltzeko baliatu ditu azken hogei minutuak. Norgehiagokako 71. minutuan Realak partida erabat erabakita utzi du Agirretxek sartu duen golari esker, eta Xabi Prietok zoramena eraman du harmailetara bosgarren gola sartu ostean (5-1). Azkenean, Realak 5-1eko emaitzarekin irabazi dio Betisi eta hiru puntu garrantzitsu lortu ditu.

Fitxa teknikoa:

5.- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo, Ansotegi, Jose Angel; Bergara, Ruben Pardo (Elustondo, 75. min), Xabi Prieto; Vela, Agirretxe (Seferovic, 71. min), Griezmann (Chory Castro, 78. min).

1.- Betis: Andersen; Chica, Paulao, Amaya, Nono (Juanfran, 60. min), Reyes, Nacho, Vadillo (Salva, 71. min), Verdu (Matilla, 71. min), Molina. Ruben Castro.

Golak: 1-0, 5. min: Agirretxe. 1-1, 19. min: Molina. 2-1, 55. min: Ansotegi. 3-1, 61. min: Griezmann. 4-1, 65. min: Agirretxe. 5.1, 84. min: Xabi Prieto.

Epailea: Aiza Gamez. (Valentzia).