Reala
Errege Kopa
Realak berdinketarekin konformatu behar izan du Algecirasen aurka
L.E. | eitb.com
Donostiarrek bana egin dute Nuevo Mirador estadioan. Griezmannek egin du txuri-urdinen gola 59. minutuan, baina etxekoek bost minutu geroago berdindu dute partida.
Realak Anoetan erabaki beharko du Errege Kopako final hamaseirenetako kanporaketak. Donostiarrek partida kaskarra jokatu dute Algeciras 2.B mailako taldearen aurka, eta bukaeran sufritu ere egin dute.
Reala lo atera da berdegunera eta kosta egin zaio partidaren erritmoa hartzea. Lehen minutuan, Algecirasek bi gol aukera izan ditu, biak kornerrera urrundi dituzte txuri-urdinek. Lehen ordu laurdenean, hiru korner atera dituzte etxekoek.
Jagoba Arrasateren mutilak motel aritu dira, ideia garbirik gabe. Erasoan egin dituzten jokaldi apurrak bertan behera geratu dira donostiarrak behin eta berriro jokoz kanpo geratu baitira.
Reala ez da eroso egon berdegunean, jokoari sakontasuna falta izan zaio eta ez dute asmatu 2. B mailako talde bati aurre egiterakoan. Algeciras, aldiz, ondo aritu da, gauza handirik egin gabe, baina gipuzkoarren jokoa oztopatzea lortu dute.
Bigarren zati kaskarra
Atsedenaldiaren ostean, Realak hobera egin du eta bi gol aukera garbi izan ditu 52. minutuan: baloia birritan pasa da Algecirasen atearen aurretik, baina inor ez da errematatzeko gai izan.
Gipuzkoarren gola Griezmannek egin du 59. minutuan: talde txuri-urdina kontraerasora atera da, Prietok pasea eman dio Griezmanni eta honek Christian atezaina gainditu du.
Baina pozak gutxi iraun die Arrasateren gizonei, bost minutu geroago Alfarok banakoa egin baitu, buruz.
Agirretxe eta Vela
Partidak ez zuen itxura onik eta Jagoba Arrasatek Agirretxe eta Carlos Vela atera ditu zelaira, Griezmannen eta Sangalli gaztearen ordez. Hala ere, taldearen jokoa gutxi aldatu da eta Algecirasek gola sartzeko aukeraren bat ere izan du.
Azkenean, 1 eta 1, bidezko emaitza talde biek egindakoaren arabera. Kanporaketa Anoetan erabakiko da (abenduaren 18an, 19:30ean).
Fitxa teknikoa:
1 - Algeciras: Christian; Máiquez, Benítez (Javi Fernández, 61. min), Carlos Fernández, Víctor González; Berlanga, Mario (Parada, 61. min), Iván, Melchor, Ayala (Antoñito, 81. min); eta Alfaro.
1 - Reala: Zubikarai; Zaldua, Ansotegi, Cadamuro, De la Bella (Mikel González, 72. min); Elustondo, Xabi Prieto, Javi Ros; Seferovic, Sangalli (Vela, 67. min) eta Griezman (Agirretxe, 67. min).
Golak: 0-1 59. min: Griezman. 1-1 63. min: Alfaro.