Reala
Asteartean, 20:45ean
Realak ezin du hutsik egin Manchester Uniteden aurka
Erredakzioa
Jagoba Arrasateren taldeak 'deabru gorrien' aurka jokatuko du Anoetan, txuri-urdin guztientzat ahaztezina izango den norgehiagokan. Realak hiru puntuak bai ala bai behar ditu.
-
Manchester United-Reala. Argazkia: EFE
Realak ilusio handiarekin jokatuko du Manchester Uniteden aurkako Txapeldunen Ligako norgehiagoka. Txuri-urdinek gelditzen diren hiru partidak irabazi eta Bayer Leverkusenek akatsen bat egitea behar dute Txapeldunen Ligan bizirik jarraitzeko.
Ezinezkoa dirudi, baina Jagoba Arrasateren gizonak guztia emateko prest daude. Gainera, multzoko hirugarrenak Europa Ligarako txartela lortuko du, eta Realak Europan jarraitzeko ilusio handia du.
Txapeldunen Ligan jarraitzeko edo Europan Liga jokatzeko Manchester United gainditzea hil edo biziko da. Anoeta leporaino beteta egongo da, eta txuri-urdinek neurketa historikoa bizitzeko abagunea izango dute.
Jagoba Arrasate entrenatzaileak Europako txapelketan erabili duen hamaikakoa zelairatuko du, eta erasoan Carlos Velak, Antoine Griezmannek eta Haris Seferovicek jokatuko dute. Osasuna 5-0 jipoitu ondoren Gipuzkoako taldeak konfiantzarekin jokatuko du, baina Manchester Unitedek A multzoko lidergoa izango du jokoan.
David Moyesen gizonek 1-0 irabazi zuten Old Trafforden, eta Txapeldunen Ligan sendo jarraitzeko beste garaipen bat bilatuko dute Donostian. Hala ere, Europako txapelketetan etxetik at ia urtebete daramate garaipenik lortu gabe.
Ustezko hamaikakoak:
Reala: Bravo; Carlos Martinez, Mikel, Iñigo Martinez, De la Bella; Bergara, Zurutuza, Xabi Prieto; Vela, Griezmann eta Seferovic.
Manchester United: De Gea; Rafael, Vidic, Evans, Evra; Valencia, Jones, Cleverley, Janzuaj; Rooney, Van Persie.
Estadioa: Anoeta. (Asteartea. 20:45)
Epailea: Nicola Rizzoli. (Italia).