Reala
BBVA Liga
Txapeldunen Liga ahaztu eta jipoia eman dio Realak Almeriari (3-0)
Leire Etxazarra | eitb.com
Sailkapeneko azkena ez da arerio izan donostiarrentzat. Arrasatek Seferovic, Zurutuza eta Vela hamaikakotik kanpo utzi ditu. Griezmann (2) eta Jose Angel izan dira golegileak.
Reala aise nagusitu zaio Almeriari Anoetan, eta aurtengo Ligako bigarren garaipena jarraian erdietsi du. Etxean abuztuaren 17tik zeraman irabazi gabe; orduan Getaferi gailendu zitzaion lehen jardunaldian.
Norgehiagokako lehen minutuetan, Reala erasora atera da, baina konfiantza askorik gabe. Hala ere, 13. minutuan, Griezmannek gola egin du eta txuri-urdinei gauzak alde jarri zaizkie.
Chory Castrok alboko sakea luze atera du, Prietok buruz atzera pasea egin, Griezmannek aurrea hartu die atzelariei eta baloia sarera bidali du.
Almeriak ez du atzera egin eta erraz iritsi da Claudio Bravoren inguruetara. Horietako batean, Rodrik gola egin du, baina epaileak baliorik gabe utzi du gola, jokalari andaluziarra jokoz kanpo zegoelako.
Reala aurretik izan da markagailuan, baina ez du jokoaren kontrola izan. Hala eta guztiz ere, atsedenaldia iritsi aurretik bigarrena sartzeko aukera pare bat izan dute gipuzkoarrek, Jose Angelen eta Agirretxeren arteko elkar-ulertze onari esker, baina azken metroetan ez dute asmatu.
Bigarrenean, golak eta lasaitasuna
Bigarren zatian, partida erabat aldatu da. Realak kemena atera eta bigarren gola egin du 50. minutuan. Griezmannek egin du gola, buruz berriro, Jose Angelek egindako erdiraketaren ostean. De la Bellaren ordezkoak neurketa biribila jokatu du.
Jose Angel asturiarrak egin du, hain zuzen, txuri-urdinen hirugarrena, 55. minutuan. Jokaldi pertsonala egin du Almeriaren arean, eta jaurtiketa bortitz baten bidez gainditu du Esteban atezaina.
Azken minutuetan, bi taldeek izan dituzte aukerak, baina ez dute asmatu eta markagailuan ez da aldaketarik izan. Bukaeran, Reala nagusi 3 eta 0: urrezko hiru puntu Jagoba Arrasateren gizonentzat.
Fitxa teknikoa:
3.- Reala: Bravo; Carlos Martínez, Iñigo Martínez, Mikel, José Ángel; Bergara (Ros, 69. min.), Xabi Prieto, Rubén Pardo; Griezmann (Seferovic, 75. min.), Chory Castro (Carlos Vela, 80 min.) eta Agirretxe.
0.- Almera: Esteban; Torsiglieri, Trujillo, Raúl García (Oscar Díez, 53. min.), Dubarbier; Rafita, Ramón Azzez, Verza, Aleix; Rodri (Barbosa, 53. min.) eta Soriano (Tébar, 72. min.).
Epailea: Fernando Teixeira Vitienes (kantabriarra). Txartel horia atera die Rubén Pardo, Torsiglieri eta Rafita jokalariei.
Golak: 1-0, 12. min.: Griezmann. 2-0, 50. min.; Griezmann. 3-0, 55. min.: José Ángel.