Itxi

Reala

Porrota Manchesterren

Britainia Handiko hedabideak: 'Reala menderatzea zaila izan zen'

Erredakzioa

Jagoba Arrasateren taldeak sortutako arriskua eta Manchesterren abantaila txikiak zaleengan sortutako urduritasuna azpimarratu dute kazetari ingelesek.

  • Iñigo Martinezek bere atean sartutako golak partida baldintzatu zuen. Efe.

    Iñigo Martinezek bere atean sartutako golak partida baldintzatu zuen. Efe.

Manchester Unitedek Realari irabazi ostean, Britainia Handiko hedabideek David Moyesen taldearen hobekuntza azpimarratu dute. Izan ere, deabru gorriek liga hasiera kaskarra izan dute eta krisi hitza ahoz aho dabil Manchester hirian.

Baina Reala ere hizpide dute Ingalaterrako kazetariek partidaren biharamunean. Orokorrean, donostiarren jarrera eta arriskua sortzeko ahalmena nabarmendu dute hedabide guztietan.

The Independent egunkariak txuri-urdinek bigarren zatiaren hasieran izandako susperraldia txalotu du; donostiarrek egindako "joko bizia" azpimarratu du, eta joko horrek David de Gea atezainari sortutako arazoak azaltzen ditu.

The Daily Telegraphek, berriz, ingelesek jokoari emandako "erritmoa" eta Rooneyk egindako partida nabarmentzen ditu, Manchester Uniteden "bihotza  berriro ere sasoian" jarri zutela adierazita.

Realari dagokionez, gipuzkoarra "mendean hartzeko talde zaila" izan zela dio, eta bigarren zatian konfiantza handia erakutsi zutela.

The Guardian egunkariaren kronikak, aldiz, euforia gutxiago adierazi du David Moyesen taldeak egindako partidaz hitz egitean eta garaipena Realak bere atean sartutako golari esker lortu zutela azpimarratzen du. Horrez gain, donostiarrek sortutako arriskua ere kontuan hartzekoa izan zela dio kazetariak, eta Manchesterren gol bakarrak urduritasuna eragin zuela Old Traffordeko zaleengan.