Itxi

Reala

Txapeldunen Liga

Reala, Old Traffordeko erronkarako prest

Erredakzioa

Jagoba Arrasateren taldeak puntuak behar ditu Europako txapelketan bizirik jarraitzeko. Txuri-urdinek ia 6.000 zaleren babesa izango dute Manchesterren.

  • Reala. Argazkia: EFE

    Reala. Argazkia: EFE

Realak partida historikoa jokatuko du Old Trafforden, Manchester Uniteden kontra. Ingalaterrako taldea bolada kaskarrean murgilduta dago (azkenengo sei partidetatik soilik bi irabazi ditu), eta txuri-urdinek puntuak behar dituzte Txapeldunen Ligan bizirik jarraitzeko. Arrasateren gizonak ez dira bakarrik egongo Manchesterren, 6.000 zale txuri-urdin inguru joan baitira taldea babestera.

Gipuzkoako taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen ligan, Valentziaren aurka (1-2), eta hiru puntuek jokalariei konfiantza eman diete ia bi hilabete garaipenik lortu gabe eman ondoren. Hala ere, Realak bi porrot jaso ditu Txapeldunen Ligan, Shakthar Donetsken eta Bayer Leverkusenen kontra, eta A multzoko azkenengo postuan dago. Hurrengo faserako sailkatzea lortzeko, txuri-urdinek puntuak lehenbailehen behar dituzte.

Xabi Prietok minutu batzuk jokatu zituen Valentzian, eta kapitainak hasieratik jokatu lezake Old Trafford estadioan.

Jagoba Arrasate bizkaitarrak hamaikako onena zelairatuko du Manchester Uniteden aurka. Dani Estrada eta Gorka Elustondo deialditik at gelditu dira, lesionatuta baitaude, Diego Ifran eta Esteban Granero bezala.

'Deabru gorriek', berriz, garaipena lortu behar dute zaleen aurrean, bolada txarra atzean uzteko. Manchester Unitedek A multzoko lidergoa sendotu nahi du, eta, horretarako, Reala gainditu beharko du. Premier Leagueko azkenengo lau partidetatik bakarra irabazi dute Moyesen gizonek, eta Txapeldunen Ligan ez dute punturik galdu nahi.

Ustezko hamaikakoak:

Manchester United: De Gea, Rafael, Evra, Welbeck, Jones, Evans, Giggs, Carrick, Van Persie, Rooney eta Smalling.

Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella; Bergara, Zurutuza, Xabi Prieto; Griezmann, Vela eta Seferoric.

Epailea: Bas Nijhuis (Herbehereak)