Itxi

Reala

Txapeldunen Liga

Ertzaintza eta Ingalaterrako polizia elkarlanean arituko dira

Erredakzioa

Realeko 6.000 zale baino gehiago joango dira Old Trafford estadiora, Manchester Uniteden aurkako Txapeldunen Ligako partida jarraitzera.

  • Realeko zaleak Old Trafforderako sarrerak hartzen. Argazkia: EiTB

    Realeko zaleak Old Trafforderako sarrerak hartzen. Argazkia: EiTB

Ertzaintza eta Ingalaterrako polizia elkarlanean arituko dira Old Trafford futbol zelaian urriaren 23an, Realak eta Manchester United taldeak jokatuko duten Txapeldunen Ligako partidaren segurtasun dispositiboa prestatzeko. Hainbat ertzain joango dira datozen egunetan Manchesterrera, bertako poliziarekin batera lan egiteko. Aurreikuspenen arabera, Realeko 6.100 jarraitzaile inguru joango dira Manchesterrera talde donostiarra animatzera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ertzaintzaren talde bat polizia ingelesarekin harremanetan dago partidaren segurtasun neurrietan laguntzeko. Ertzainak hemendik burutzen ari dira koordinazio lanak, eta datozen egunetan joango dira Manchesterrera, Old Trafford zelaira partida ikustera joango diren zaleen segurtasun neurrietan ingelesekin batera lan egiteko.

Ingalaterrako poliziak hainbat aholku eta gomendio helarazi dizkio Ertzaintzari Manchesterrera bidaiatzen duten zaleentzat, besteak beste, zelaiaren barrutiko kale guztietan alkohola edatea debekatuta dagoela, edota zelaiaren inguruko ostalaritza-establezimenduetara ez joatea, bertako jarraitzaileak egongo baitira.

Halaber, zaleen sarrerak aztertuko dira zelaiaren sarreran, eta segurtasuneko langileek edo poliziek zaleak miatu ere egingo dituzte. Gainera, bengalak eta pirotekniako tresnak hautemateko entrenatutako txakurrak ere erabili ahal izango dituzte, eta atxilotu egingo dituzte zelaian horrelakoak sartzen saiatzen direnak.

Zelaiaren barruan debekatuta daude musika edo soinu instrumentuak, bai eta alkohola edatea ere, eta debeku hori ez betetzeak berehala atxilotzea edo esparrutik botatzea ekar dezake. Guztiz debekatuta dago zelaiaren barruan erretzea, eta erretzera kanpora atera nahi duten zaleei agian ez zaie berriro sartzen utziko.