Reala
Olympique Lyon kanporatu du
Reala Championseko taldea da
A.B.
Txuri-urdinek 2-0 irabazi diote Olympique Lyoni Anoetan, beraz, Txapeldunen Ligako multzoen fasean egongo da talde gipuzkoarra.
-
Realeko jokalariak sailkapena ospatzen. Argazkia: EFE
Realak Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatuko du. Atariko kanporaketan Olympique Lyon kanporatu du talde txuri-urdinak, eta Europako txapelketa gorena jokatuko du. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeal 2-0 irabazi dio Olympique Lyoni Anoetan, eta joanekoan 0-2 irabazi zutenez, sailkapena lortu dute, 0-4ko emaitza orokorrarekin.
Partida hasieran Realak une txarrak pasa ditu. Olympique Lyon erasokor zelairatu da, eta estuasunetan jarri du etxeko taldea. Frantziarrak, ordea, ez dira gola sartzeko gai izan, eta Realak hau ikusita lasaitasun handiagoarekin jokatu du. Lehen hamar minutuetan urduri egon da Reala, baina minutuak pasa ahala hobeto jokatzen hasi da. Hamargarren minutuan Griezmannek izan du Realaren lehen abagunea, eta ondoren Olympique Lyonen erantzuna etorri da. Seferovicen erremate bat atepetik atera du Olympique Lyoneko defentsak 19. minutuan, eta 27.ean Velaren errematea gutxigatik kanpora joan da. Mexikarrak beste abagune argi bat izan du lehen zatia amaitu aurretik, baina Lopes atezainak erantzun bikaina eman dio jaurtiketari. Honenbestez, lehen zatia golik gabe bukatu da (0-0).
Lehen zatiaren azken txanpan nagusi izan da Reala, eta bigarren zatian jaun eta jabe izan da Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea. Abagune mordoa sortu ditu Realak, baina gehiegi barkatu dute txuri-urdinek. 48. minutuan Seferovicek zutoinera bidali du bere jaurttiketa, eta 58.ean, ate aurrean bakarrik geratu denean kale egin du aurrelari txuri-urdinak. Etxeko taldea gola bilatzen ari izan da, eta saria 66. minutuan jaso du. Carlos Velak sartu du 1-0ekoa Griezmannek ateratako kornerra sare barrura bidalita.
Gola sartuta Realak nagusi izaten jarraitu du. Arrasatek zuzentzen dituen mutilek lanean jarraitu dute, eta azken minutuan festa biribiltzeko aukera ez dute alferrik galdu. 90. minutuan Carlos Vela bakarrik geratu da atezainaren aurrean, eta 2-0ekoa sartu du.
Bigarren gola sartu eta jarraian, partida amaitutzat eman du epaileak, eta zoramena piztu da harmailetan. Reala Txapeldunen Ligako taldea da.
Fitxa teknikoa:
2 - Reala: Bravo; Estrada, Ansotegi, Iñigo Martínez, De la Bella; Bergara (Elustondo, 82. min), Zurutuza, Xabi Prieto (Chory Castro, 78. min); Vela, Seferovic eta Griezmann (Granero, 71. min).
0.- Olympique Lyon: Anthony Lopes; Miguel Lopes, Kone, Umtiti, Bedimo; Fofana, Gonalons (Ferri, 83. min), Grenjer; Gourcuff (Bahlouli, 77. min); Benzia (Fekir, 46. min); Lacazette.
Golak: 1-0, 67. min: Vela. 2-0, 90. min: Vela.
Epailea: Damir Skomina.