Itxi

Reala

Bost berdinketa eta porrot bat

Getafek ez du inoiz garaipena lortu Anoetan

Erredakzioa

Madrileko taldeak sei aldiz jokatu du Realaren zelaian, eta ez du txuri-urdinei irabaztea lortu. Bost aldiz berdindu egin dute, eta behin irabazi diote donostiarrek madrildarrei.

  • Reala-Getafe. Argazkia: EFE

    Iragan denboraldiko Reala-Getafe partidako irudia. Argazkia: EFE

Realak larunbat honetan ekingo dio Ligari, eta Getafe izango du aurkari Anoetan. Madrileko taldeak ez du inoiz garaipena lortu Realaren zelaian. Sei aldiz jokatu dute elkarren aurka bi talde hauek. Bost aldiz berdinduta bukatu dira Realaren eta Getaferen arteko partidak, eta txuri-urdinek behin irabazi diote madrildarrei.

Donostiako taldeak eta Getafek Anoetan jokatu zuten lehen partida ofiziala, 2004ko abenduaren 19an izan zen. Madrileko taldea Lehen Mailara igo berria zen, eta bana berdinduta bukatu zen partida. Mariano Perniak sartu zuen 0-1ekoa, eta Nihatek sartutako golari esker lortu zuen berdinketa Realak.

2005. urteko urriaren 27an lortu zuen Realak Getaferi irabaztea, eta oraingoz, horixe da txuri-urdinek Madrileko taldearen aurka Anoetan eskuratu duten garaipen bakarra. Realak 3-0 irabazi zuen, Mikel Aranbururen, Nihaten eta Xabi prietoren golekin.

Bi talde hauek hurrengo denboraldietan jokatu zituzten neurketak berdinduta bukatu ziren. Golik gabe bukatu ziren 2006-2007. eta 2011-2012. denboraldietan jokatu zituzten partidak, eta, bana (1-1) berdindu zuten 2010-2011. eta 2012-2013. denboraldietan.

Getafeko entrenatzailea den Luis Garciak ere, ez du inoiz Anoetan irabazi. Madrileko taldearekin bi berdinketa lortu ditu azken bi urteetan, eta Levanterekin bi partida berdintzea lortu zuen (bana, 2008-2009. eta 2010-2011 denboraldietan), eta beste bat galdu egin zuen (3-1eko emaitzarekin, 2009-2010. denboraldian).