Reala
Montanier ordezkatuko du
Jagoba Arrasate da Realeko entrenatzaile berria
Erredakzioa
Jokin Aperribayk prentsaurrekoan baieztatu du Berriatukoak Philippe Montanier ordezkatuko duela karguan. Lehen taldeko hirugarren entrenatzailea izan da aurten.
Jagoba Arrasate da Realeko entrenatzaile berria. Hala jakinarazi du prentsaurrekoan Jokin Aperribay Realeko presidenteak. Jagoba Arrasate Berriatukoa (Bizkaia) da, eta 35 urte ditu. Denboraldi honetan lehen taldeko hirugarren entrenatzailea izan da.
Futbol jokalaria izandakoa da Arrasate, eta, jokalari izateari utzitakoan, Berriatua entrenatzen hasi zen. Ondoren, Elgoibar zuzendu zuen Hirugarren Mailan, eta handik Zubietara joan zen. Realeko jubeniletako A eta B taldeak zuzendu zituen, eta lehen taldera jauzia eman zuen hirugarren entrenatzaile moduan.
Arrasateren lehen erronka Reala Txapeldunen Ligan sartzea da, atariko kanporaketa gaindituta.