Itxi

Reala

Txapeldunen Ligara!

Infernutik zerura, hiru urtean

L.E.

Duela hiru urte, Reala Lehen Mailara itzuli zen, Bigarrenean beste hiru urtez egon ostean. Talde txuri-urdina hazi egin da, eta Europako talde guztien ametsa gauzatu du: Txapeldunen Liga jokatzea.

  • Realak laugarren postuan bukatu du 2012-2013 Liga txapelketa. Efe.

    Realak laugarren postuan bukatu du 2012-2013 Liga txapelketa. Efe.

RealaTxapeldunen Liga jokatuko du. Denboraldi hasieran, inor gutxik espero zezakeen taldea sailkapeneko lehen postuetan ikustea, batez ere, 2011-2012 denboraldian itxura kaskarra eman ostean. Ondorioz, denboraldia hasi aurretik ez zuten Europa hitza aipatu ere egin nahi.

Are gehiago, denboraldi hasiera oso kaskarra egin zuten txuri-urdinek, eta, Anoetan, Philippe Montanier kaleratzea eskatu zuten zaleek behin baino gehiagotan. Baina, asteak pasatu ahala, eta bigarren itzulian batez ere, egoera iraultzea lortu dute donostiarrek: duela hiru urte, Bigarren Mailatik ateratzea zen helburu nagusia; orain, hemendik hilabete batzuetara, Europako talderik onenen kontra neurtuko dituzte indarrak.

Izan ere, Montanierren gizonek inoiz ahaztuko ez duten bigarren itzulia egin dute: ia zazpi hilabete egin dituzte partidarik galdu gabe. Etxean, Barçari gailendu zitzaion, 13. minutuan 0-2 galtzen hasi bazen ere. Reala izan zen Ligan Bartzelonari partida bat irabazi zion lehen taldea.

Horrekin batera, garaipen azpimarragarria lortu zuen Athleticen aurka San Mamesen, Katedral zaharrean jokatutako azken euskal derbian, kasu honetan ere markagailua iraulita. Atletico Madril ere gainditu zuten, Vicente Calderon zelaian, ordura arteko jardunaldi guztietan inork egin ez zuen balentria lortzeko.

Aurrekaria: 2002-2003 denboraldian

10 urte dira donostiarrek Txapeldunen Liga jokatu zutenetik, eta, orduan ere, entrenatzaile frantziar bat aulkian zutela egin zuten: Raynald Denoueix.

Orduko zozketan, Realari D multzoan jokatzea egokitu zitzaion, Juventus, Galatasaray eta Olinpiakos taldeekin batera. Donostiarrek bigarren postuan amaitu zuten ligaxka, 9 punturekin, eta final-zortzirenetarako txartela lortu zuten. Han, Lyoneko Olympique izan zuten aurkari, eta frantziarrek amaiera eman zioten txuri-urdinen ametsari.