Itxi

Reala

1-0 irabazi dio Deportivori

Realak Txapeldunen Liga jokatzeko txartela lortu du

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 0-1 irabazi dio Deportivori, eta Valentziak 4-3 galdu du Sevillaren aurka. Ondorioz, laugarren postuan bukatu dute denboraldia gipuzkoarrek.

  • Griezmann. Argazkia: EFE

    Griezmann Deportivori sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak 0-1 irabazi dio Deportivori, eta Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa jokatzeko txartela lortu du. Valentziak 4-3 galdu du, eta ondorioz, talde txuri-urdinak laugarren postuan bukatu du denboraldia. Deportivo Bigarren Mailara jaitsi da.

Griezmannek sartu du partidako gol bakarra, 22. minutuan. Agirretxek jokaldi bikaina egin du Ze Castro lurrean utzita, bere jaurtiketa Aranzubiak desbideratu du, baina erne ibili da Griezmann baloia sare barrura bidaltzeko (1-0). Deportivok jaitsiera zuen jokoan, baina abagune argienak Realak izan ditu. Carlos Velak bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina ezin izan du gola sartu atsedenaldira iritsi aurretik.

Bigarren zatian Deportivok izan ditu abagune argienak. Asko zuten jokoan galiziarrek. Oliveirak arriskua sortu du Bravok defendatzen izan duen ate inguruan, baina atezaina bikain ibili da. Salomaoren jaurtiketari ere, erantzun bikaina eman dio Bravok, eta zortea ere alde izan du Realak Deporrek langara bidali baitu beste erremate bat. 84. minutuan Markel Bergarak bigarren txartel horia ikusi du, eta Reala jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Deportivo saiatu da berdinketaren gola lortzen, baina Reala sendo mantendu da defentsako lanean. Ez dute estuasun gehiaegirik pasa txuri-urdinek azken minutuetan, eta garaipenak ez die ihes egin (0-1).


Fitxa teknikoa:

0-Deportivo: Aranzubia; Manuel Pablo, Aythami (Nélson Oliveira, 56. min), Ze Castro, Sílvio; Abel Aguilar, Juan Dominguez; Bruno Gama (Salomao, 46. min), Valeron, Pizzi; eta Riki.

1- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Íñigo Martinez, Mikel, De la Bella; Illarramendi ('Chory' Castro, 79. min), Bergara, Xabi Prieto (Ansotegi, 86. min); Vela (Zurutuza, 70. min), Agirretxe eta Griezmann.

Gola: 0-1, 22. min: Griezmann.

Epailea: Fernandez Borbalan.