Reala
3-3, Real Madrilen aurka
Realak puntu bakarra lortu eta Txapeldunen Ligako postua galdu du
Erredakzioa
0-2 galtzen hasi da talde txuri-urdina Real Madrilen aurka, baina partida berdintzea lortu du (2-2). Ondoren, Kehdirak 2-3koa sartu du, eta Xabi Prietok azken minutuan egin du hirunakoa (3-3).
-
Illarramendi eta Higuain baloiagatik lehian Reala-Real Madril partidan. Argazkia: EFE
Realak puntu bat lortu du Real Madrilen aurka hiruna (3-3) berdinduta, eta Valentziak Granadari 1-0 irabazi dionez, laugarren postutik at geratu da jardunaldi honetan. Txapeldunen Ligako postuan dago Valentzia orain, eta bi puntuko aldea du Valverdek zuzentzen duen taldeak. Dena den, Txapeldunen Ligarako txartela, azken jardunaldian erabakiko da.
Realak gogotsu ekin dio partidari, baina hasieran izan dituen abaguneak ez ditu sare barrura bidali, eta Real Madrilek gola sartu du partidan izan duen lehen abagunean. Seigarren minutuan Gonzalo Higuainek 0-1ekoa sartu du. Maldan gora jarrai zaio partida Realari, baina txuri-urdinek berdinketaren bila joaten saiatu dira. Diego Lopezek Realaren abagune argiak atera ditu, eta Real Madrilen jokatzeko maila duela argi utzi du Anoetan. Norgehiagoka Real Madrilen aldeko 0-1ekoarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian Real Madril sendo eta erasokor atera da. Reala, aldiz, urduri egon da bigarren zatiko lehen minutuetan. 57. minutuan Callejonek 0-2koa sartu du, eta aldi berean Valentziak gola sartu du Granadaren aurka. Albisteak txarrak izan dira Realarentzat une horretan, baina talde txuri-urdinak ez du etsi. Ekinaren ekinaz, Realak aldeak murriztea lortu du 64. minutuan. Xabi Prietok penaltiz sartu du 1-2koa, eta berdinketa lortzeko gogoak berpiztu ditu. Real Madril kontraerasora ateratzeko zain geratu da, eta Realak abaguneak sortzen jarraitu du. Ondorioz, 78. minutuan Griezmannek berdinketaren gola sartu du (2-2), baina pozak ez die asko iraun Realeko jokalariei. Bi minutu beranduago, Khedirak 2-3koa sartu du Bravo kalitate handiz gaindituta.
Real Madrilen hirugarren golarekin guztiz maldan gora jarri zaio norgehiagoka Realari, baina Montanierrek zuzentzen duen taldeak ekinean jarraitu du amaierara arte, eta 93. minutuan saria jaso du Xabi Prietok sartu duen golari esker (3-3). Azkenean, puntu bat urratu dute txuri-urdinek.
Fitxa teknikoa:
3. Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella; Illarramendi (Zurutuza, 59. min), Bergara (Jose Angel, 81. min), Xabi Prieto; Castro (Ifran, 70. min), Griezman eta Agirretxe.
3. Real Madril: Diego Lopez; Essien, Albiol, Carvalho, Arbeloa; Marcelo (Nacho, 85. min), Khedira, Modric; Kaka (Di Maria, 67. min); Callejon (Ozil, 70. min) eta Higuain.
Epailea: Gonaález Gonzalez. (Castilla- León).
Golak; 0-1, 6. min: Higuaín. 0-2, 57. min: Callejon. 1-2, 63. min: Xabi Prieto, penaltiz. 2-2, 78. min: Griezmann. 3-2, 80. min: Khedira. 3-3, 93. min: Xabi Prieto.