Itxi

Reala

2-2

Realak gehiegi barkatu, eta garesti ordaindu du

Erredakzioa

Granadak azken minutuan sartu du berdinketaren gola (2-2), eta bi puntuk ihes egin diote talde txuri-urdinari. Gipuzkoarrk Txapeldunen Ligara sailkatzeko postuetan daude, Valentziarekin berdinduta.

  • Reala-Granada. Argazkia: EFE

    Realak eta Granadak bina (2-2) berdindu dute Anoetan. Argazkia: EFE

Realak bina (2-2) egin du Granadaren aurka Anoetan Reciok azken minutuan sartutako gol baten ondorioz. Partidaren azken txanpan bi puntuk ihes egin diote talde txuri-urdinari. Montanierrek zuzentzen duen taldeak Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzen du, baina Valentziarekin puntuetara berdinduta dago orain. Average-a Realaren aldekoa da.

Partidari erritmo bizia eman nahi izan diote bi taldeek, baina lehen minutuetan asko kosta zaie abaguneak sortzea. Horrenbestez, abaguneak estrategi jokaldietan etorri dira, eta lehenengoan (8. minutuan) Realak gola sartu du. Velak atera du falta, eta Agirretxek area txikian egin duen errematea sare barrura bidali du (1-0). Jokoz kanpo egon da Realeko aurrelaria, baina epaileak ez du ezer adierazi. Dena den, pozak ez dio asko iraun talde txuri-urdinari, 14. minutuan Granadak banakoa sartu baitu (1-1). Andaluziako taldeak kontraerasoa antolatu du, Realak ez du baloia aldentzea lortu, eta El Arabik ez du barkatu.

Lehen minutuak biziak izan dira, eta talde bakoitzak gol bana sartuta, partidaren erritmoa jaitsi egin da. Lehen bi golak sartuta, parekotasuna izan da nagusi berdegunean, eta abaguneak eskasak izan dira. Partida atsedenaldira berdinduta iritsiko dela ematen izan du, baina lehen zatiko azken minutuan Realak 2-1koa sartu du. Velak jokaldi bikaina egin du, area ertzetik erdiraketa dotorea atera, eta Agirretxek bularrez sare barrura bultzatu du baloia. Realaren aldeko 2-1eko emaitzarekin iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.

Bigarren zatian jaun eta jabe izan da Reala. Montanierrek zuzentzen duen taldeak. Abagune argiak sortu ditu Realak bigarren zatiko lehen minutuetan. Agirretxek eta Velak erremate bana zutoinera bidali dute. Talde txuri-urdinak asko barkatu du aurkariaren ate aurrean, eta Granada lur jota egon da. 67. minutuan, ordea, Granadak estrategi jokaldi baten ezustekoan harrapatu du Realaren defentsa, eta Bravok talde bisitariaren gola eragotzi du erantzun ona emanda.

Realak gehiegi barkatu du, eta hori ikusita Granadak gora egin du berdinketaren bila. Bravok lan eskerga egin behar izan du azken minutuetan. Abagune argiak izan ditu talde bisitariak, eta atezainak Granadaren golak izan zitezkeenak eragotzi ditu. Brahimiren jaurtiketa dotore bati erantzun ona eman dio Bravok, eta ondoren, bikain desbideratu du Nolitoren jaurtiketa indartsua. Granada eraskor ibilida azken minutuetan, baina Realak hirugarren gola sartzeko aukera izan du 89. minutuan. Estradaren erremateari, ordea, erantzun paregabea eman dio Roberto atezainak. Granada erasokor ibili da, baina ezin izango duela gola sartu ematen izan du. Azken jokaldian, ordea, Realeko defentsak ez du area barruan geratu den baloia aldentzea lortu, eta Reciok sare barrura bidali du errematea (2-2). Granadak gola sartu, eta ez da ezertarako denborarik egon. Horrenbestez puntu bana eskuratu du takde bakoitzak (2-2).

Fitxa teknikoa:

2.- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella (Cadamuro, 88. min); Bergara, Xabi Prieto, Griezmann; Castro (Ifran, 66. min), Agirretxe, Vela (Estrada, 80. min).

2.- Granada: Roberto; Nyom, Mainz, Diakhate, Siqueira (Angulo, 46. min); Torje (Aranda, 57. min), Mikel Rico, Recio, Nolito; Brahimi; El-Arabi (Bounanotte, 73. min).

Golak: 1-0, 9. min: Agirretxe. 1-1, 15. min: El Arabi. 2-1, 44. min: Agirretxe. 2-2, 93. min: Recio.

Epailea: Estrada Fernandez.