Itxi

Reala

2-2

Realak laugarren postuari eutsi dio Espanyolen aurka berdinduta

Erredakzioa

Sergio Garciak 1-0ekoa sartu du, Zurutuzak banakoa egin du (1-1), eta Stuanik 2-1ekoa jarri du markagailuan atsedenaldira iritsi orduko. 76. minutuan Javi Lopezek bere atean sartu du binakoa (2-2).

  • Espanyol-Reala

    Realak bina (2-2) berdindu du Espanyolen aurka Cornella-El Praten. Argazkia: EFE

Realak puntu bat lortu du Espanyolen aurka bina berdinduta (2-2), eta talde txuri-urdinak BBVA Ligako sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen du, 48 punturekin.

Lehen zatia nahiko parekatua izan zen, eta golak egon ziren arren, ez zen ia abagunerik egon. Espanyolek agindu zuen lehen 45 minutuetan, baina ez zuen arrisku handirik sortu Zubikaraik defendatzen zuen ate inguruan. Realak ere ez zuen Casilla atezaina estuasunetan jarri.

Zortzigarren minutuan Espanyolek 1-0ekoa sartu zuen. Simaok pase dotorea eman zion Sergio Garciari, eta aurrelari perikitoak ez zuen huts egin Zubikarairen aurrean. Gola hartuta Reala saiatu zen berdinketaren bila joaten, baina ez zuen abagunerik sortzen. 23. minutuan, ordea, Casilla atezainak huts egin zuen erdiraketa bat aldentzerakoan, baloia Zurutuzari iritsi zitzaion, eta boleaz partida berdintzea lortu zuen (1-1). Lehen zatiak abagune gutxi izan zituen, baina atsedenaldira iritsi aurretik Espanyolek bigarren gola sartu zuen. Stuani izan zen golegilea Sergio Garciaren pase dotorea jasota. Etxeko taldearen aldeko 2-1eko emaitzarekin iritsi zen norgehiagoka atsedenaldira (2-1).

Bigarren zatian Reala izan zen jaun eta jabe. Berdinketa edo garaipena lortu nahi zuen talde txuri-urdinak, eta bigarren zatian abagune onenak izan zituen talde gipuzkoarrak. Agirretxek abagune argia huts egin zuen 57. minutuan, eta bost minutu geroago Casillak erantzun bikaina eman zion Agirretxek egindako beste erremate bati. Espanyoleko atezainak lan eskerga izan zuen bigarren zatian, eta 67. minutuan, erantzun bikaina eman zion Griezmannek egindako jaurtiketa on bati.

Berdinketaren gola bilatzen ari zen talde txuri-urdina, eta azkenean, saria lortu zuen. 76. minutuan Pardok pase dotorea eman zion Griezmanni, frantziarrak kale egin zuen kontrola egiterakoan, baina baloiak Javi Lopezengan jo zuen, eta Espanyoleko defentsak bere atean sartu zuen gola (2-2).

Partidako azken txanpan Reala nagusi izan zen, eta garaipenaren gola sartzeko abaguneak izan zituen talde txuri-urdinak. Realeko jokalariek, ordea, ez zuten Casillaren ate aurrean asmatu, eta binako (2-2) berdinketarekin bukatu zen norgehiagoka.

Fitxa teknikoa:

2 - Espanyol: Kiko Casilla; Javi Lopez, Colotto, Hector Moreno, Victor Alvarez (Raul Rodriguez, 70. min); Victor Sanchez, Forlin; Stuani, Verdu (Baena, 84. min), Simao (Petrov, 78. min) eta Sergio Garcia.

2 - Reala: Zubikarai; Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella; Bergara (Ifran, 63. min), Illarramendi (Pardo, 74. min); Xabi Prieto, Zurutuza, Griezmann eta Agirretxe.

Golak: 1-0, 8. min: Sergio Garcia; 1-1, 22. min: Zuturuza; 2-1, 38. min: Stuani; 2-2, 75. min: Javi Lopez (b.a.).

Epailea: Perez Montero.