Reala
Ez du etorkizunaz hitz egin
Carlos Vela: 'Helburua laugarren postuari eustea da'
Erredakzioa
Realeko aurrelariak ez du bere etorkizunaz hitz egin nahi izan. Mexikarraren ustez, goizegi da datorren denboraldiaz hitz egiteko, eta denboraldi amaierara arte taldeak erronka polita duela uste du.
Reala astelehen honetan hasi da Espanyolen aurkako datorren igandeko partida prestatzen. Entrenamendua egin dute Zubietan, eta ikusitakoaren arabera Chory Castrok zail izango du igandean Cornella-El Praten jokatzea.
Bestalde, Carlos Vela izan da protagonista prentsa aretoan, eta jokalari mexikarrak ez du bere etorkizunaz hitz egin nahi izan. "Goizegi da nire etorkizunaz hitz egiteko. Ez da horretaz hitz egiteko une egokia. Taldearen helburua laugarren postua mantentzea da, eta une hauetan horretan dut burua", adierazi du Velak.
Espanyoleko entrenatzailea den Javier Aguirre ondo ezagutzen du Carlos Velak, biak mexikarrak baitira. "Aguirre entrenatzaile bikaina da. Partidak intentsitate handiarekin bizitzen ditu. Taldea sasoi onean dauka, eta ondo jokatzen dute", gaineratu du aurrelari txuri-urdinak.