Itxi

Reala

Etorkizunerako plangintza

Montanierren eta Lorenen jarraipena, erabaki beharreko kontu bakarra

Erredakzioa

Taldeko jokalari garrantzitsuenak lotuta ditu Realak. Entrenatzaile frantziarrak taldean jarraitzeko merituak egin ditu, baina zalantzan dago kirol zuzendariak klubean jarraituko duen.

  • Montanier, Aperribay eta Loren

    Montanier, Aperribay eta Loren topa egiten urte amaieran. Argazkia: EiTB

Carlos Martinezek 2018. urtera arte berritu zuen kontratua Realarekin, eta ondorioz, talde txuri-urdinak jokalari garrantzitsuenak lotuta ditu etorkizunerako. Orain, Philippe Montanier entrenatzailearen jarraipena, eta Lorenzo Juarros 'Loren' kirol zuzendariaren jarraipena dira Realak erabaki behar dituen kontu bakarrak.

Dani Estradak ez du kontratua berritu oraindik, baina gainontzeko jokalari garrantzitsuak ondo lotuta ditu Realak. Asier Illarramendik 2018ra arte du kontratua Realarekin, eta Carlos Martinezek ere 2018ra arte berritu zuen kontratua. Xabi Prieto, David Zurutza, Claudio Bravo, Iñigo Martinez eta Mikel Gonzalez jokalariek 2017. urtera arte dute kontratua talde txuri-urdinarekin, eta Markel Bergarak, Laissane Cadamurok eta Antoine Griezmannek, 2016. urtera arte. Griezmannen kasuan, zaila izango da jokalari frantziarrak Realean jarraitzea Tottenhamek Griezmann fitxatu nahi baitu nola edo ahala.

Imanol Agirretxek eta Diego Ifranek 2015. urtera arte dute lotura Realarekin. Horrenbestez, Dani Estrada eta Jon Ansotegi geratzen dira kontratu laburrenekin. 2014. urtean bukatzen zaie kontratua bi jokalari hauei.

Lorenzo Juarros 'Loren' kirol zuzendariaren etorkizuna erabaki beharko du Realeko zuzendaritzak datorren asteetan. Zaleen artean kexa ugari daude Lorenek egiten duen lanaren inguruan.

Philippe Montanier entrenatzailearen jarraipena gero eta gertuago dagoela dirudi. Bi hilabete lehenago, denboraldi amaieran ez zuela taldea zuzentzen jarraituko zirudien, baina txuri-urdinen bolada onak gauzak aldatu ditu, eta Montanierrek datorren denboraldian Reala zuzentzeko gero eta aukera gehiago ditu.

Aurten presideneta aukeratzeko hauteskundeak egongo dira Realean. Jokin Aperribay berriro aurkeztuko dela dirudi. Aperribayk ondo kudeatu du kluba, eta Anoetaren birmoldatzearen proiektua ere abiarazi du.