Itxi

Reala

'Voetbal International'en

Westerveldek Realean dopina ukatu du baina injekzioak onartu ditu

Erredakzioa

Talde txuri-urdineko atezain ohiak dopinari buruz hitz egin du "Voetbal International" Herbehereetako aldizkarian. Injekzioak jartzen zizkietela baina ezer arrarorik ikusi ez zuela adierazi du.

  • Sander Westerveld

    Sander Westerveld Realeko atezain ohia. Argazkia: EFE

Sander Westerveld Realeko atezain ohiak "Voetbal Inetrnacional" herbeheretar aldizkarian adierazi duenez, Realean jokatzen zuen garaian ez zuen dopin kasurik ezagutu, baina hainbat jokalarik injekzioak hartzen zituzten.

"Jakina Realean injekzioak hartzen zituzten jokalariak zeudela. Partidak jokatu aurretik eta ondoren hartzen zituzten injekzioak, baina ezer ezkutatu gabe egiten zen", esan du Westerveldek.

Realeko atezain ohiak ez du zein substantzia erabiltzen ziren argitu, baina debekatutako produkturik ez zela erabili uste du: "Azken urteetan ikusitako kasuekin, ez naiz inorekin fidatzen. Edozein gauza atera daiteke, baina nik ez nuen ezer arrarorik ikusi".

"Nik ez nuen hobekuntza fisikorik igartzen", gaineratu du 2001. urtetik 2014. urtera arte Realeko atezaina izan zenak.

Westerveldi arraroa egin zaio Iñaki Badiola Realeko presidente ohiak gai hau azaleratzea, eta dopatzen ziren jokalarien "izen-abizenak" atera beharko zituela azpimarratu du.

Puerto Operazio auziko epaiketan,  Rsoc letrak agertu dira 2002-2003 denboraldiari dagozkion paper batzuetan. Urte horretan, Reala bigarren izan zen Ligan, eta titulua Real Madrilek lortu zuen. "2002-2003 denboraldian bigarren postuan bukatu genuen Liga, baina joko teknikoa erabilita lortu genuen hura, ez 90 minutu fisikoki gehiengoa emanda", gaineratu du Westerveldek.