Reala
Balaidosen
Reala garaipenaren atarian geratu da (1-1)
Erredakzioa
Donostiarrek ezin izan dute markagailua guztiz irauli, eta berdinketa baino ez dute lortu hamar jokalariren kontra. Celtako Krohn-Dehli eta Realeko Elustondo, golegileak.
-
Chory Castro. Argazkia: EFE.
Realak ezin izan du Celtaren aurkako partida guztiz irauli, 50. minututik aurrera, Augusto Fernandezen kanporaketaren ostean, neurketa alde izan arren. Celta Reala baino gehiago izan da lehenengo zatian, aukera gutxi izan duen norgehiagokan, baina donostiarrek etxeko taldea estutzen bukatu du partida.
Lehenengo ordu erdia burutu arte, ez da neurketaren lehenengo aukera gertatu. Bi taldeak berdinduta aritu dira momentu horretara arte. Celta azkarragoa izan da baloiarekin, baina atezainek ez dute arrisku handirik ikusi. Celtaren gola baino minutu gutxi lehenago, Claudio Bravok Augusto Fernandezen jaurtiketa gelditu du. Hori izan da partidaren lehenengo aukera.
32. minutuan, Krohn-Dehlik lehenengo gola sartu du, Iago Aspasen takoikada eder baten ondoren. Ifranek Realaren hurrengo aukera izan du 39. minutuan, baina hori izan da Realaren erantzun bakarra.
Atsedenalditik bueltan, Realak bigarren zatia zaila egingo zitzaiola pentsatzeko arrazoiak egon dira, baina bost minuturen buruan, Augusto Fernandezek bigarren txartel horia ikusi du, baloia eskuarekin ukitzeagatik. Txuriurdinek galiziarren atearen kontrako jazarpena hasi dute orduan. Parkek Celtaren bigarrena lortu ahal izan du, baina Elustondok berdindu du markagailua, korner batean sartutako gol bati esker.
Bigarren zatia goitik behera aldatu da, Iago Aspasen lesioari eta Realak jokalari bat gehiagorekin jokatzeari esker, baina donostiarrek ezin izan dute markagailua irauli. Agirretxek (zelaian Ifranen ordez 61. minututik aurrera) ezin izan du Xabi Prietoren erdiraketa errematatu, eta, beste aukera batean, Bergarak langara bidali du baloia. Donostiarren erasoaren adibideak dira horiek, baina intentsitatea itzaltzen joan da, bi zati ezberdin izan dituen norgehiagoka berdinketarekin bukatu arte.