Itxi

Reala

Garaipen handia

Realak balentria egin du Barça gaindituta (3-2)

Erredakzioa

Denboraldiko aurreneko porrota jaso du Anoetan FC Bartzelona liderrak. Partidari buelta eman dio Realak Chory Castroren (2) eta Agirretxeren golekin.

  • Reala-FC Bartzelona. Argazkia: EFE

    Reala-FC Bartzelona. Argazkia: EFE

Realak garaipen handia lortu du Anoetan, FC Bartzelonaren aurka (3-2). Donostian denboraldiko lehen porrota jaso du Tito Vilanovaren taldeak. Markagailuari buelta eman dio Donostiako taldeak Chory Castroren (2) eta Agirretxeren golekin.

Baloiaren jabetza katalanena izan da Anoetan jokatutako lehen zatian, baina Philippe Montanierren gizonek gola sartzeko hainbat abagune sortu dituzte, eta atsedenaldian 1-2koa zen markagailua. Aurreneko abisua txuri-urdinena izan da. Illarramendiren bolea kanpora joan da, gutxigatik, neurketako lehen segundoetan. 5. minutuan gol aukera ederra izan du Messik, baina ez du Bravoren aurrean asmatu. Hala ere, bost minutu geroago markagailua estreinatu du argentinarrak (0-1). Iniestaren pasea pasatzen utzi du Cescek, eta Messiren jaurtiketak marra gainditu du.

11. ean, estrategiako jokaldiarekin saiatu da Reala, eta Xabi Prieto Valdes ezustean harrapatzeko zorian izan da. Erasoan ari ziren talde biak eta Realak berdinketa nahi zuen. Aukerak izan ditu Donostiako taldeak, baina 26. minutuan 0-2koa egin du Pedrok Alvesen erdiraketa baliatuta. 36.ean norgehiagoka erabakita uzteko aukera paregabea izan du Leo Messik, baina baloiak zutoinean jo du.

Chory Castrok, 41. minutuan, egindako golak bizitasuna eman dio Realari eta baita partidari ere. Velak baloia kontrolatu du, eta ondo kokatuta ikusi du uruguaiarra.

Bigarren zatiari indarrarekin ekin dio talde donostiarrak. 55. minutuan hamar gizonekin geratu da Barça Piqueri bigarren txartel horia erakutsi baitio epaileak. Realak egoera baliatu nahi, eta behar, zuen, eta 63. minutuan partida berdindu du talde txuri-urdinak. Chory Castroren erramateak Mascheranon jo du, eta Victor Valdesek ezin izan du gola saihesteko ezer egin. Reala gustura ari zen, eta garaipena eskuratzeko lanean jarraitu du. Bartzelona, bestalde, urduri jartzen hasia zen. Amaierarako hamar minuturen faltan, partida erabat erotuta zegoen. Realak hiru puntuak nahi zituen, eta Barçak bi puntu ez galtzea zuen helburu.

91. minutuan lortu du garaipenaren gola Imanol Agirretxek. Aurrelariak Carlos Martinezen erdiraketa bikaina erramatatu du eta hiru puntuak Donostian geratu dira.

Fitxa teknikoa:

Real a: Bravo; Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo, De la Bella; Markel, Illarra, Xabi Prieto (Ruben Pardo, 80'), Griezmann; Vela (Agirretxe, 85') eta Chory Castro (Ifran, 74').

Bartzelona: Valdes; Alves, Pique, Puyol, Jordi Alba; Sergio Busquets, Iniesta, Xavi; Pedro (Adriano, 89'), Cesc (Mascherano, 58') eta Messi.'

Golak:

0-1, 6', Messi.

0-2, 25', Pedro.

1-2, 40', Chori Castro.

2-2, 63', Chori Castro.

3-2, 91', Agirretxe.