Reala
Lehen itzuliko azken partida
Zurutuza: 'Deportivo garaipena eskuratzeko aurkari egokia da'
Erredakzioa
Realak baja asko izango ditu Deporren aurka, eta erdilari txuri-urdinaren ustez, "bajek beti dute eragina". "Etxean jokatuta garaipena lortzean bakarrik pentsatzen dugu", adierazi du Rochefortekoak.
Realak Deportivoren aurka jokatuko du igande honetan Anoetan, 17:00etan. BBVA Ligako lehen itzuliko azken partida izango da Realarentzat, eta 28 punturekin bukatu nahi dute Ligako lehen txanpa.
Talde txuri-urdinak entrenamendua egin du asteazken honetan Zubietan, eta ondoren, Zurutuzak hitz egin du prentsa aretoan. "Real Madrilen aurkako partida ahaztuta dago, eta Deportivoren aurkakoan pentsatu beharra daukagu. Deportivo irabazteko moduko aurkaria da, nahiz eta entrenatzaile aldaketarekin joko desberdina egiten duten", adierazi du Zurutuzak.
"Hamaikakoan aldaketak egongo dira, baja asko baititugu defentsako lerroan. Beharbada, ohikoa ez den posturen baten jokatzea egokituko zaie edo egokituko zaigu jokalari batzuei. Agian Sanseko norbait igoko dute lehen taldera, baina momentuz, Sanseko inork ez du gurekin entrenatu. Argi dago bajak izateak beti baldintzatzen duela", gaineratu du Realeko erdilariak.
Lehen itzulia ondo bukatzea da Realeko jokalarien helburua, eta 28 puntura iristea dute jomuga: "Oso ondo egongo litzateke lehen itzulia garaipenarekin amaitzea, eta 28 puntu izatea. Horrelako aukerak ezin ditugu pasatzen utzi. Etxean jokatuta, garaipena eskuratzean besterik ezin dezakegu pentsatu".