Reala
BBVA Liga
Reala Europa Ligatik bi puntura iritsi da Gabonetako geldialdira
Erredakzioa
Talde txuri-urdina BBVA Ligako sailkapeneko zazpigarren postuan dago 25 punturekin, eta postu europearretan dagoen Levantek, 27 puntu ditu.
![De la Bella De la Bella](http://media.eitb.eus/multimedia/images/2012/12/24/1005654/1005654_delabella_reala_realsociedad_EFE_foto610x342.jpg)
![](http://images14.eitb.eus/multimedia/recursos/generales/play_gris_grupohome.png)
Reala Europa Ligako postuetatik bi puntura iritsi da BBVA Ligako Gabonetako geldialdira. Hamazazpi jardunalditan, 25 puntu lortu ditu talde txuri-urdinak. Hau dela eta, ilusioa piztu da zaleen artean, nahiz eta jokalariek eta Philippe Montanier entrenatzaileak ez duten horretaz hitz egin nahi.
Denboraldia Camp Noun jipoia hartuta hasi zen. Realak 5-1 galdu zuen Bartzelonaren aurka lehen jardunaldian. Ondoren, Celatri irabazi zioten 1-0 Anoetan, eta gero, 1-0 galdu zuten Mallorcan. Laugarren jardunaldian Zaragozari irabazi zioten Anoetan (2-0), eta etxetik kanpora berriro galdu zuen Realak Levanteren aurka (2-1).
Anoetan sendo azaltzen zen taldea, baina etxetik kanpo ez zen garaipena lortzeko gai. Seigarren jardunaldian euskal derbia jokatu zen Anoetan, eta Realak 2-0 irabazi zion Athletici. Hurrengo jardunaldian, ordea, txuri-urdinek porrot egin zuten Benito Villamarinen Betisen aurka (2-1). Sevillako taldearen aurka galduta, denboraldi hasierako unerik txarrena pasa zuen Realak. Anoetan Atletico Madrilen aurka galdu zuen (0-1), bina (2-2) berdindu zuen Valladoliden aurka Zorrillan, eta ondoren, 0-1 galdu zuen Espanyolen aurka Anoetan.
Taldea bolada txarrean murgilduta zegoen, baina hamaikagarren jardunaldian Malagari Rosaledan irabazi zion (1-2), eta denboraldi honetan etxetik kanpora lortzen zuen lehen garaipena eskuratu zuen. Garaipen honek zama astuna kendu zion taldeari. Ondoren, bi partida jarraian jokatu zituen Realak Anoetan. Rayo Vallecanori 4-0 irabazi zioten, eta 0-0 berdin du zuten Osasunaren aurkako derbian. Hamalaugarren jardunaldian bigarren garaipena jarraian lortu zuten etxetik kanpora, Mestallan Valentziari 2-5 irabazita.
Valentziari emandako jipoiaren ostean, bi berdinketa jarraian etorri ziren; 1-1 Getaferen aurka Anoetan, eta 0-0 Granadaren aurka Los Carmenesen. Gabonetako geldialdiaren aurretik, 2-1 irabazi zion Realak Sevillari zaleengan ilusioa handi sortuz.
Realak hasiera ona eman dio BBVA Ligako 2012-2013 denboraldiari. Albiste txar bat ere utzi du talde txuri-urdinak denboraldiaren lehen zati honetan: Errege Kopatik at geratu zen Bigarren Mailako Kordobaren aurka lehen kanporaketa galduta.