Futbola
Nations League
Espainia Nazioen Ligako Lauko Finalerako sailkatu da, Herbehereak kanporatuta
EITB Media
Espainiako selekzioak 3-3 berdindu du Herbehereetakoarekin final-laurdenetako itzuliko partida, baina penalti jaurtiketetan nagusitu da (5-4). Oyarzabalek bi gol sartu ditu neurketan, eta Unai Simonek jaurtiketa bat gelditu du penalti jaurtiketen txandan.
-
Oyarzabal, Simon eta Merino, taldekideekin batera garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Espainiako gizonezkoen futbol selekzioa Nazioen Ligako Lauko Finalerako sailkatu da final-laurdenetan Herbehereetakoa kanporatuta. Espainiak Frantzia izango du aurkari finalerdietan. Beste finalerdian Alemaniak eta Portugalek elkarren indarrak neurtuko dituzte.
Espainiako eta Herbehereetako selekzioen arteko itzulerako partida Mestallan jokatu da. Joaneko partida binako berdinketarekin amaitu zen (2-2); beraz, kanporaketa irekita zegoen.
Oyarzabalek penaltiz sartu du norgehiagokako lehen gola (1-0), 8. minutuan. Bigarren zatian, 54. minutuan Depayk banakoa (1-1) jarri du markagailuan, penaltiz. Handik gutxira, 67. minutuan, Oyarzabalek Espainiako selekzioa aurretik jarri du berriro, 2-1ekoa sartuta, baina amaierarako 11 minutu falta zirenean, Maalsenek neurketa berdindu du (2-2). Partidako 90 minutuak berdinketarekin bukatu dira (2-2), eta neurketak luzapena behar izan du.
Luzapenean, neurketako 103. minutuan Lamine Yamalek 3-2koa egin du Espainiarentzat, baina 109. minutuan Xavi Simonsek partida berdindu du (3-3), penaltiz Unai Simon gaindituta. Luzapena berdinduta amaitu da (3-3), eta irabazlea penaltien txandan erabaki da.
Hamaika metroetatik egindako jaurtiketetan Van Dijkek (0-1), Merinok (1-1), Koopmeinersek (1-2), Ferran Torresek (2-2), Simonsek (2-3), Aleix Garciak (3-3), Taylorrek (3-4) eta Baenak (4-4) golak sartu dituzte; Langek (Herbehereak) eta Lamine Yamalek (Espainia), ordea, euren selekzioen hirugarren jaurtiketetan huts egin dute. Irabazlea seigarren jaurtiketetan erabaki da: Unai Simonek (Espainia) gelditu egin du Malenen (Herbehereak) jaurtiketa, eta Pedrik (Espainia) garaipena eman dio Espainiako selekzioari, penaltien txandako azken jaurtiketan Verbruggen atezaina gaindituta.
Fitxa teknikoa:
3 – Espainia: Unai Simon, Mingueza (Pedro Porro, 94. min), Le Normand, Huijsen, Cucurella, Zubimendi (Aleix Garcia, 106. min), Fabian (Merino, 84. min), Dani Olmo, (Pedri, 84. min) Lamine Yamal, Nico Williams (Baena, 117. min) eta Oyarzabal (Ferran, 69. min).
3 – Herbehereak: Verbruggen; Geertruida (Malen, 78. min), Van Hecke, Van Dijk, Maatsen; Reijnders (Koopmeiners, 110. min), Kluivert (Simons, 78. min), F. de Jong; (Taylor, 106. min) Frimpong, Depay (Brobbey, 101. min) eta Gakpo (Lang, 78. min).
Golak: 1-0, 8. min: Oyarzabal (p). 1-1, 54. min: Depay (p). 2-1, 67. min: Oyarzabal. 2-2, 79. min: Maatsen. 3-2, 103. min: Lamine Yamal. 3-3, 109. min: Simons (p).
Penalti jaurtiketak: 0-1: Van Dijk, gola. 1-1: Mikel Merino, gola. 1-2: Koopmeiners, gola. 2-2: Ferran, gola. 2-3: Simons, gola. 3-3: Aleix Garcia, gola. 3-3: Lang, langara. 3-3: Lamine Yamal, Verbruggenek gelditu. 3-4: Taylor, gola. 4-4: Baena, gola. 4-4: Malen, Simonek gelditu. 5-4: Pedri, gola.
Epailea: Clement Turpin (Frantzia). Txartel horia atera dio Le Normand (53. min) Espainiako selekzioko jokalariari, baita Simons (108. min) Herbehereetako selekzioko futbolariari ere.