Futbola
F Liga
Athleticek 2-0 garaitu du Reala San Mamesen jokatutako derbian
L. E. A. | EITB M EDIA
Ane Azkonak egin ditu partidako bi golak. Realak aukerak izan ditu, baina txuri-urdinak ez dira fin ibili errematea egiteko orduan.


Athletic atera da garaile San Mamesen Realaren aurka jokatutako derbian, F Ligako 19. jardunaldiko partidan. Emaitza horri esker, zuri-gorriak hirugarren dira orain sailkapenean, 35 punturekin; donostiarrak, aldiz, bosgarren dira, 32 punturekin.
Lehen minutuetan, bilbotarrak nagusi izan dira, zelaian oso ondo hartu baitute lekua lehen minututik. Hala ere, Reala jokoaren kontrola hartzen joan da, eta arriskua sortu du Nanclares atezainaren inguruan.
12. minutuan, lehen aukera argia izan dute txuri-urdinek, baina Amaiurren jaurtiketa ederto urrundu du Nanclaresek.
Reala ondo aritu da bere jokoa eraikitzen, eta Athletic ere txukun bere presioari eusten.
15. minutuan, Ane Azkonak jaurtiketa egin du eta baloia kanpora joan da, gutxigatik. Realaren erantzuna Nerea Eizagirrek eman du, Nanclares ez da oso txukun ibili aldaratzean, baina jokaldiak ez du bestelako ondoriorik izan.
Athleticen lehen gola 27. minutuan iritsi da. Pinedok erasoko jokaldia abiatu du eskuineko aldetik, eta horren erdiraketa Ane Azkonak errematatu du, zuri-gorriak markagailuan aurretik jartzeko.
Golak lasaitasuna eman dio etxeko taldeari, eta bisitariak erasoan arriskuak hartzera bultzatu ditu. Lehen zatian, baina, ez da gol gehiagorik izan.
Azkonak, bigarrena
Atsedenaldiaren ostean, Mirarik 1-1eko egiteko aukera izan du; Nanclares bikain aritu da, ordea, berriro ere, eta ezerezean utzi du Realaren aukera. Sanchez Veraren taldea gogotsu atera da aldagelatik berdinketaren bila.
58. minutuan, Mirarik aukera argia izan du markagailua parekatzeko, baina gola ondorengo jokaldian iritsi da, beste atean. Vilariñok abiatu du etxekoen jokaldia, eta Ane Azkonak sartu du baloia bisitarien atean (2-0).
Txuri-urdinek kolpea hartu dute bigarren golarekin, eta, saiatu diren arren, ez dute erasoan minik egitea lortu. Garaipena Athleticek eskuratu du, eta zuri-gorriak hirugarren dira orain F Ligako sailkapenean, Bartzelonaren eta Real Madrilen atzetik. Reala, aldiz, bosgarren postuan dago.