Itxi

Futbola

Athletic-Osasuna (1-0)

Zuri-gorriak kostata nagusitu dira San Mameseko derbian

Erredakzioa

Aritz Adurizek, lehen zatiko 11. minutuan, sartutako golak urrezko hiru puntu eman dizkio Marcelo Bielsak zuzendutako taldeari.

  • Adurizen gola. Argazkia: EFE

    Aduriz Osasunaren aurka sartu duen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 1-0 irabazi dio Osasunari San Mamesen jokatu den euskal derbia. Adurizek sartu du partidako gol bakarra.

Lehen zatiak erritmo bizia izan du. Hasierako hamar minutuetan Osasuna izan da nagusi, baina ez du gol aukera argirik sortu. Lehen abisua Joseba Llorentek eman du, baina Iraizozek erraz geratu du aurrelari gorritxoaren jaurtiketa. Athleticek jokoa lotzeko arazoak izan ditu lehen minutuetan, baina arriskua sortu duen lehen jokaldian gola sartu du talde zuri-gorriak. Hegaletik jokaldi bikaina egin du Athleticek, De Marcosek pase bikaina eman dio Adurizi, eta honek ez du barkatu. Hamabigarren minutuan, 1-0 aurreratu da etxeko taldea.

Gola sartuta Athletic lasaitu egin da, eta talde bizkaitarra baloiaren jabe egin da. Hamaseigarren minutuan gol aukera nabarmena izan du Athleticek, baina De Marcosen jaurtiketa kanpora joan da Osasunako defentsan baten jota. Adurizek ere gola sartzeko aukera izan du, baina bere errematea langa urratuz kanpora joan da. Mendilibar ez da gustura egon Osasunaren jokoarekin, eta aldaketa bikoitza egin du 30. minutuan. Puñal eta Lamah zelairatu ditu Sisiren eta Annanen ordez. Aldaketek eragina izan zuten Osasunaren jokoan. 36. minutuan Lamahren erdiraketak langa jo zuen, eta 40. minutuan Loloren falta jaurtiketa zutoinera joan da. Athleticek aldea handitzeko aukera izan du lehen zatiaren amaieran, baina De Marcosen errematea Andres Fernandezek aldendu du kornerrera. Horrenbestez, Athletic gol bateko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran Athletic izan da nagusi, eta Bielsak zuzentzen duen taldeak sortu ditu gol aukera argienak. 47. minutuan Andres Fernandezek erantzun bikaina eman dio De Marcosen jaurtiketari. Hamar minutu geroago Arribasek baloia galdu du Susaetaren aurrean, jokalari zuri-gorriak errematean egin eta atezainarengan jo ondoren Arribasek eskuarekin desbideratu du baloia. Epaileak, ordea, ez du penaltia adierazi.

Osasunako atezainak partida bikaina egin du, eta 66. minutuan beste erantzun on bat eman dio de Marcosen erremateari. 79 minutuan Arribasek atepetik atera du Susaetaren jaurtiketa.

Partidako azken minutuetan Osasunak berdinketa lortzeko aukera izan du. Timorrek zutoinera bidali du falta jaurtiketa 83. minutuan, eta 86.ean Armenterosek egindako jaurtiketa Iraizozek arazorik gabe geratu du.

Azkenean Athleticek lortu du garaipena 1-0eko emaitzarekin. Talde zuri-gorriak arnasa hartzen du hiru puntuak lortuta, baina Osasunak sailkapenaren behealdean jarraituko du.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Ekiza, Castillo (Aurtenetxe, 75. min); Iturraspe; Susaeta, De Marcos, Herrera (San Jose, 78. min), Muniain; eta Aduriz (Llorente, 70. min).

0 - Osasuna: Andres Fernandez; Oier, Lolo, Arribas, Damia; Annan (Puñal, 30. min), Timor; Sisi (Lamah, 30. min), Armenteros, Nino; eta Llorente (Kike Sola, 64. min).

Golak: 1-0, 12. min: Aduriz.
Epailea: Gonzalez Gonzalez.