Futbola
F Liga
Lavogezen golak eta Oguizaren kanporaketak bideratu dute Realaren garaipena Athleticen aurkako derbian (1-0)
I. G. | EITB MEDIA
Claire Lavogezek bost minutura aurreratu ditu txuri-urdinak, eta zuri-gorriek, ordubetez jokalari bat gutxiagorekin, ezin izan diote partidari buelta eman.
Realak bereganatu du Reale Arenan jokatuta den Athleticen aurkako euskal derbia igande honetan, Claire Lavogezek bost minutura sartutako golari esker, F Ligako 10. jardunaldiko partidan. 29. minutuan, Oguizak txartel gorria ikusi du, zuri-gorriak ordubetez jokalari bat gutxiagorekin utzita.
Lehoiak izan dira arriskua sortzen lehenak partida hasi eta berehala, baina Gipuzkoako taldea izan da markagailuan aurrea hartu duena. Jokaldi azkar batean, Claire Lavogezek baloia jaso du eta, urrutitik joz, sarera bidali du eskuadra osotik (1-0).
Sarriegi aldea handitzeko zorian izan da buruz egindako erdiraketa errematatuta, baina kanpora joan zaio. Athleticek, bere aldetik, berdintzeko aukera izan du etxekoen baloi-irteera txar batean, baina Azkonak ez du asmatu jaurtiketan eta baloia gora bidali du.
Partida hasi eta ordu erdira, Oguizak txartel gorria ikusi du Jacintori iletik tira egiteagatik, eta jokalari bat gutxiagorekin utzi du talde bizkaitarra.
Hala ere, ez dute jokoaren ideia aldatu, eta laster izan du Azkonak aukera ona Elexpururen pasean, baina atezain txuri-urdinak aurrea hartu du baloia lapurtzeko.
Lagovezek izan du lehen zatiko azken aukera, gora joan zaion jaurtiketa batekin.
Bigarren zatia Lavogezen abagune berri batekin hasi da, baina ez du Nanclaresen aurkako buruz burukoa aprobetxatzen jakin, atezaina sendo ibili baita atepean.
Hurrengo minutuak oso parekatuak izan dira, bi taldeen hurbilketekin, baina inork ez ditu atezainak estu hartu. Denborak aurrera egin ahala, Athletic gorago joan da berdinketaren bila, baina Realak ondo defendatu du bere burua eta aurkariek atera botatzea saihestu du.
Fitxa teknikoa:
1 - Reala: Lete; Ramirez, Aparicio (Quiles, 67. min), Vanegas, Rodriguez; Cahynova, Jacinto, Eizagirre; Fransi (Mirari, 85. min), Lavogez (Guridi, 85. min), Sarriegi (Pardo, 60. min).
0 - Athletic: Nanclares; Maddi Torre, Baños, Zubieta; Ortega, Oguiza, Pinedo (Agote, 67. min), Elexpuru; Amezaga (Nevado, 67. min), Nahikari Garcia (Sanadri, 83. min), Azkona (Valero, 46. min).
Gol: 1-0, 4. min: Lavogez.
Epailea: Ylenia Sanchez Miguel. Txarteñ gorria atera dio Oguizari eta horia Ramirezi.