Itxi

Futbola

Errege Kopa

Barakaldo Errege Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da, Lleida menderatuta (1-3)

EITB MEDIA

Eibarrek, Beasainek eta Cortesek, aldiz, ezin izan dute txapelketan aurrera egin; izan ere, hurrenez hurren, Logroñesen, Cartagenaren eta Granadaren aurka galdu dute, 1-0, 0-1 eta 0-2.

5:02

Barakaldo 2024-25 denboraldiko Errege Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da, eta Eibar, Beasain eta Cortes txapelketatik kanpo gelditu dira, asteazkenean. Hain zuzen ere, Kopako aurreneko kanporaketan, Barakaldok Lleida utzi du at, Camp d'Esportsen 1-3 gailenduta; Eibarrek Logroñesen aurka galdu du, 1-0, luzapenean, Las Gaunasen; Beasainek ezin izan du Cartagenarekin, Loinazen (0-1), eta Cortes, Ciudad de Tudelan, Granadaren aurka galdu du, 0-2.

Testuinguru horretan, Camp d'Esportsen, Barakaldok Lleida kanporatu du, Kataluniako taldea 1-3 mendean hartuta. Adrian Revillak 0-1 sartu du (37. min), eta Pablo izan da golegilea 0-2koan (65. min); Lleidak, lau minuturen buruan, 1-2koa egin du, eta bazirudien euskal taldea sailkatzea kolokan egon zitekeela, baina 82. minutuan, berriro ere Pablok sartuta, Barakaldok 1-3koa egin eta kanporaketa erabakita utzi du.

Las Gaunasen, Eibar, Pol Arnauk luzapenean sartutako gol batengatik, Kopatik kanpo gelditu da, 1-0 galduta, Logroñes aurkari. Araututako azken jokaldian, alegia, luzapenaren aurretik, Joseba Etxeberriaren gizonek oso gertu izan dute, korner batean, sailkatzea emango zien gola, baina baloia ez da sartu, eta luzapenean, Logroñesen aldeko korner batean, Pol Arnauk baloia jaso eta sareetara bidali du.

Loinazen, Beasainek galdu egin du, 0-1, Cartagenaren aurka. Gipuzkoako taldeak partidako azken minutuan jaso du Kopatik at utzi zuen gola; hain zuzen, Luis Muñozek sartu du, buruz, Cartagenari hurrengo txandarako txartela eman dion gola.

Ciudad de Tudela futbol zelaian, Cortesek ezin izan du Granada kanporatu; Nafarroako taldeak 0-2 galdu egin du. Weissmanek sartu du Granadaren aurreneko gola, eta Salasek bigarrena egin du, bere atean. Hori dela eta, Cortes ez da Kopako bigarren kanporaketako zozketan izango.

Ondorioz, orain arte jokatutako kanporaketak kontuan izanik eta euskal taldeak aztergai, Alaves eta Barakaldo izango dira hurrengo zozketa horretan. Chiclana-Osasuna eta Jove Español-Reala kanporaketak atzeratu egin dituzte, euri denboraleagatik, eta ostegunean Tudelano-Deportiva Minera eta Barbastro-Amorebieta kanporaketak jokatuko dituzte. Athletic hurrengo kanporaketan sartuko da lehian, final hamaseirenetan, Superkopan parte hartuko baitu.