Futbola
EA Sports Liga
Realaren eta Osasunaren arteko derbia, etxekoak gorako bidean jarrita eta bisitariak gero eta sendoago direla
EITB MEDIA
EA Sports Ligako 11. jardunaldiko derbia igande honetan jokatuko da Reale Arenan, 21:00etan.
-
Galan eta Oroz aurreko derbi batean. Argazkia: EFE
Realak eta Osasunak EA Sports Ligako 11. jardunaldiko derbia jokatuko dute igande honetan, urriaren 27an, Reale Arenan, 21:00etan. Bi taldeak oso antzeko egoeran daude txapelketan, taularen erdialdean (8. postuan dago Osasuna, eta 12.ean, berriz, Reala) eta bien artean 3 puntuko aldea bakarrik dagoela.
Txuri-urdinek ez zuten Liga hasiera ona izan, baina badirudi pixkanaka Imanol Alguacilek jokoarekin adiskidetzeko tekla aurkitu duela, azken partidetan hobekuntza nabarmena nabaritu baita; azken hiru jardunaldietan, bi garaipen eta berdinketa bat lortu ditu Realak.
Entrenatzaile txuri-urdinak hiru jokalari garrantzitsu ditu bueltan: Alex Remiro, Aihen Muñoz eta Igor Zubeldia. Arsen Zakharyan eta Hamari Traore, berriz, lesionatuta daude, eta Urko Gonzalez de Zarate eta Jon Magunazelaia ere deialditik kanpo geratu dira.
Gorritxoak, berriz, Vicente Moreno entrenatzaile berriaren aginduetara, irregularragoak izan dira. Barça jipoitu zuten, baina Getaferen aurka berdindu eta Betisen aurka galdu egin zuten. Hala ere, Europako postuetan sartzeko borrokan jarraitzen dute.
Valentziako entrenatzaileak jokalari guztiak ditu eskura lehen aldiz. Morenok ezustekoa eman du Ruben Garcia (ohiko titularra) deialditik kanpo utzita. Iker Muñoz eta Kike Barja deialdira itzuli dira.
Gauzak horrela, Realak irabaziz gero, 15 punturekin geratuko dira biak sailkapenean, baina Osasunarentzat ezinbestekoa da garaipena, Europa mailako txapelketa baterako sailkatzeko borrokan jarraitu nahi badu. Euskal derbia bihar jokatuko da, Donostian, 21:00etan hasita.