Futbola
F LIGA
Athleticek bereganatu du Eibarren aurkako Ipuruako derbia, luzapenean (1-2)
A. A. | EITB MEDIA
Irene Oguizak 92. minutuan buruz egin duen golak eman die garaipena zuri-gorriei. Aurretik, lehen zatian, Clara Pinedok sartu du neurketako lehen gola, eta, bigarrenean, Arene Altonagak lortu du behin-behineko berdinketa armaginentzat.
Eibar eta Athletic aurrez aurre aritu dira F Ligako 6. jardunaldian, eta zuri-gorriek eskuratu dute garaipena Ipurua futbol-zelaian jokatutako euskal derbian, 1 eta 2, azken hatsean Irene Oguiza durangarrak sartutako gol bati esker.
Athleticek azkar hartu du aurrea markagailuan, 10. minutua bete orduko, Clara Pinedok area kanpotik sartutako gol ikusgarri baten bidez. David Aznarren taldeak sendoago jardun du lehen zatiko parterik gehienean, azken aldera armaginek lehiari neurria hartu badiote ere. Hala, azken minutuetan zenbait hurbilketa arriskutsu izan dituzte, eta horietako batean Ane Campos Adriana Nanclares atezainaren aurrean geratu da, baina horren erremate behartua kanpora joan da.
Bigarren zatian, etxekoak hobeto zelairatu dira, presioa areagotu, eta erasoari begira jarraitu dute. Margheritta Monnecchi italiarra gola egiteko zorian izan da 53. minutuan, Nanclaresek luze bidali nahi zuen baloi batek Eibar taldeko jokalaria jo duenean, baina baloi hori ere hondoko marratik atera da, atetik oso gertu.
Etxekoen berdinketaren gola handik minutu batzuetara iritsi da (69.ean), zelairatu berria zen Arene Altonagaren eskutik. Leioako erdilariari areatik kanpo heldu zaio baloia, eta haren jaurtiketa apartari ezin izan diote erantzunik eman ez Nanclares atezainak, ezta Nerea Nevado atzelariak ere.
Norgehiagokaren azken txanpan, etxekoak garaipenaren bila saiatu dira, eta bisitariek, ostera, nahikoa zuten etxekoen ahaleginak eragoztearekin. Horietako batean, ezker hegaletik egindako barneraldi batean, Laura Caminok langara bidali du baloi bat, erdiratzen saiatu denean.
Hala, derbia berdinketarekin bukatuko zela zirudienean, zuri-gorrien gola iritsi da, geldikako jokaldi batean. Nevadok falta bat atera du eskuin hegaletik, eta Irene Oguizak buruz baloia sare barrura bidali du. Horrela, zuri-gorriek garaipen batekin ospatu dute euren historiako 700. neurketa ofiziala.