Itxi

Futbola

F LIGA

Athleticen emakumezkoen taldeak Eibarren aurka jokatuko du 700. partida ofiziala igande honetan

EITB MEDIA

Partida Eibarren izango da, Ipurua estadioan. Lehia ETB2n eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 12:00etatik aurrera.

  • Nerea Nevado, Athletic-Bartzelona partida batean. Argazkia: EFE.

    Nerea Nevado, Athletic-Bartzelona partida batean. Argazkia: EFE.

Igandean, urriaren 13an, Ipurua zelaian, Eibarrek eta Athleticek jokatuko duten derbia zuri-gorrien historiako 700. partida izango da.

22 urte pasatu dira jada taldea estreinatu zenetik, 2002ko urriaren 6an jokatu baitzuen lehenengo partida, Lezaman, eta garaipen aipagarria eskuratu zuen (7-1). Ordutik, Ligako 631 partida, Erregina Kopako 51 eta Txapeldunen Ligako 17 jokatu ditu.

Erika Vazquez nafarrak jokatu ditu partida gehien zuri-gorriekin (423), eta berak sartu ditu gol gehien Athleticen historian zehar (264).

Athleticek jokatu dituen 699 partidetan, 1.660 gol egin ditu (2,37 gol partidako), eta guztira 120 futbolarik jokatu dute minuturen bat gutxienez lehen taldearekin, eta 9 entrenatzaile izan ditu.

Teknikarien rankingean, Iñigo Juaristi dago lehen postuan (199 neurketa), eta beste bi entrenatzailek 100 partida baino gehiago zuzendu dituzte: Juan Luis Fuentes (134) eta Joseba Agirre (129).

Estatu mailan, Bartzelonaren atzetik, Athleticek ditu Ligako titulu gehien, guztira 5 irabazi baititu, 2002-03, 2003-04, 2004-05, 2006-07 eta 2015-16ko denboraldietan.

EITBn zuzenean izango da ikusgai Eibarren eta Athleticen arteko derbia, EITB2n eta eitb.eus-en bitartez.