Futbola
Suedia
Sven-Göran Eriksson suediar entrenatzailea hil da, 76 urterekin
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Italian jorratu zuen bere ibilbidearen bolada luzeenetako bat: Erroma, Fiorentina, Sampdoria eta Lazio taldeetan. Horrez gain, britainiarra ez zen Ingalaterrako selekzioko lehen hautatzailea izan zen. Azken boladan, Suediako Karlstad taldeko kirol arduraduna izan zen.
-
Sven-Göran Eriksson entrenatzaile suediarraren artxiboko argazkia. EFE
Sven-Göran Eriksson suediar futbol entrenatzailea hil da, Ingalaterrako hautatzaile ohia, 76 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz, astelehen honetan Suediako SVT Telebista kate publikoak jakinarazi duenez.
"Azkenean dena oso azkar joan da. Gaur goizean hil da, etxean, familia alboan zuela", esan du Bo Gustavsson Erikssonen ordezkariak, SVT katean. "Svennis"ek (ezizen horrekin ezagutzen zuten Suedian) joan den urtarrilean azaldu zuen pankrea-minbizi sendaezina zuela. "Kasurik onenean, urtebeteko bizitza geratzen zait. Okerrenean, berriz, apur bat gutxiago", baieztatu zuen.
Erikssonek iaz utzi zuen Karlstad taldeko kirol zuzendari kargua, osasun arazoak zirela medio. Han amaitu zuen 70eko hamarkada bukaeran Suedian abiatutako ibilbide luze eta oparoa.
Suediako Gotemburgo taldearekin liga eta UEFA irabazi ostean, Benfica entrenatzen hasi eta hiru liga bereganatu zituen. Ondoren, Italian ere lan egin zuen urte askoan: Erroma, Fiorentina, Sampdoria eta Lazio taldeetan. Laziorekin, gainera, liga, hainbat kopa eta beste UEFA bat erdietsi zituen.
Ingalaterrako futbolean ere lan esanguratsua burutu zuen Erikssonek: Manchester City eta Leicester entrenatzeaz gain, Ingalaterrako selekzioko hautatzailea izan zen. Britainiarra izan gabe, postu horretan lan egin zuen lehen teknikaria izan zen. Azkenik, Mexiko, Boli Kosta eta Filipinak ere entrenatu zituen, baita Txina eta Tailandiako ligetako zenbait talde ere.
Gaixo zegoela esan zuenetik, Erikssonek hainbat omenaldi jaso zituen, haren jaioterrian zein entrenatzen aritu izan zen herrialdeetan: Erresuma Batua eta Italia, kasu.