Futbola
8. EDIZIOA
Athleticek irabazi du Euskal Herria Txapela, Osasuna 2-1 mendean hartuta
EITB MEDIA
Alvaro Djalok aurretik jarri ditu zuri-gorriak 19. minutuan, eta Ruben Garciak banakoa egin du 26.ean. Bigarren zatian, Iñaki Williamsen gol ikusgarriak eman dio garaipena Bizkaiko taldeari.
Alvaro Djalok eta Iñaki Williamsek egindako golek garaipena eman diote Athletici Osasunaren aurka VIII. Euskal Herria Txapela Euroeskualdeko Kopako finalean (2-1). Nafarrek 1-1ekoa egitea lortu duten arren, Ruben Garciaren gol ederrari esker, bizkaitarrak baino gutxiago izan dira partidako momentu gehienetan.
Djalo eta Williamsen golak antzekoak izan dira, jokalariek buelta-erdian egindako jaurtiketen ondorioz iritsi baitira biak.
Ernesto Valverderen taldeak hobeto hasi du norgehiagoka, Djalo erasoaren erdian kokatuta. Ezohiko posizioa izan da zuri-gorrien fitxaketarena, orain arte entrenatzaileak ez baitu leku horretan jarri.
Portugalgo futboletik etorritako jokalariak sartu du, hain zuzen, partidako lehen gola. Abiaduraz baliatu da Beñat Pradosek emandako pase bikainari amaiera ezin hobea emateko. Jokaldia Herrerak hasi du, eta baloia Sancetek eta Pradosek jokatu dute ondoren, Djalok gorritxoen atean sartu aurretik.
Osasunak azkar eman dio erantzuna Athletici. Gorritxoek jokaldi ederra egin dute eskuineko hegaletik, Moncayolak baloia erdiratu du eta Ruben Garciak buruz errematatu du, area txikian bakar-bakarrik zela, markagailuan banakoa jartzeko.
Williamsen gol ikusgarria
Bigarren zatiak lehenengoaren antzeko itxura izan du. Athletic gehiago izan da jokoan, eta arrisku handiagoa sortu du. Erasoko jokaldi on baten ondorioz egin dute zuri-gorriek garaipena eman dien gola. Djalok pasea eman dio Iñaki Williamsi, eta honek, buelta-erdia emanda, areaz kanpotik, baloia maisuki sartu du Vicente Morenok entrenatzen duen taldearen atean.
Osasunak ia ez du arriskurik sortu Athleticen atearen inguruan, eta 3 eta 1ekoa hurbilago egon da 2 eta 2koa baino. Azkenean, Athletic nagusi, VIII. Euskal Herria Txapela Euroeskualdeko Kopako finalean. Partida hasi aurretik, Mikel Balenziaga Athleticeko jokalari ohia omendu dute.
Fitxa teknikoa
2 - Athletic: Padilla; De Marcos (Gorosabel, 59. min), Yeray, Paredes, Yuri (Lekue, 59. min); Herrera (Vesga, 59. min), Prados (Jauregizar, 84. min); Iñaki Williams, Sancet (Unai Gomez, 71. min), Berenguer (Marton, 84. min); eta Djalo.
1 - Osasuna: Aitor Fernandez; Areso (Nacho Vidal, 80. min), Catena, Herrando, Bretones (Juan Cruz, 80. min); Muñoz, Torro; Ruben Peña (Arnaiz, 59. min), Moncayola, Ruben Garcia; eta Raul (Budimir, 59. min).
Golak: 1-0, 18. min: Djalo. 1-1, 26. min: Ruben Garcia. 2-1, 65. min: Iñaki Williams.
Epailea: Olatz Rivera Olmedo (Bizkaiko Batzordekoa). Txartel horia atera die Athleticeko Yuriri (56. min) eta Osasunako Ruben Peña (56. min) eta Herrandori (74. min).