Futbola
Paris 2024 - Futbola
Japonia mendean hartuta (0-3), Espainiako selekzioa Olinpiar Jokoetako finalaurrekoetan izango da
Agentziak | EITB Media
Horrenbestez, Aimar Oroz, Beñat Turrientes eta Jon Pacheco futbolari euskal herritarrak dominak lortzeko lehian izango dira. Espainiako selekzioak Maroko izango du aurkari datorren asteleheneko finalaurrekoan.
-
Fermin Lopez, Japoniari sartutako bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Espainiako selekzioak 0-3 irabazi dio Japoniari, Parisko Olinpiar Jokoetako final-laurdenetako partidan, Fermin Lopezek (2) eta Abel Ruizek sartutako golei esker, eta, ondorioz, dominak bereganatzeko lehian izango da.
Gaur arte, Japonia izan da txapelketako talderik onena, defentsan nahiz erasoan. Alabaina, Santi Denia hautatzailearen mutilek ondo hasi dute norgehiagoka, eta Fermin Lopezek laster jarri du bere taldea aurretik, jaurtiketa bikain baten bidez. Futbolari andaluziarra izan da, hain justu ere, partidako jokalaririk onena.
Ondoren, Japoniak partida berdintzea lortu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du Hosoyaren gola, jokoz kanpokoa adierazita.
Bigarren zatian, Ferminek bigarren gola egin du, beste jaurtiketa eder baten bidez, eta erakutsi du sasoi betean iritsi dela Parisko hitzordura. Edonola ere, japoniarrek ez dute amore eman, eta Hosoyak 1-2koa egiteko aukera izan du arean sartuta, baina Arnau Tenasek sekulako geldiketa egin du, eta erabakigarria izan da. Handik gutxira sartu du lasaitasunaren gola Abel Ruiz kapitainak.
Gauzak horrela, Espainiako selekzioak Marokoren aurka jokatuko du Olinpiar Jokoetako finalaurrekoa astelehenean, abuztuaren 5ean, Marseillan (18:00).
FITXA TEKNIKOA
0 - Japonia: Leo Kokubo; Sekine Hiroki, Kota Takai, Seiji Kimura, Ayumu Ohata; Joel Fujita, Rihito Yamamoto, Shunsuke Mito (Asahi Uneaka, 74. min); Fuki Yamada (Shota Fujio, 46. min), Mao Hosoya eta Yoki Saito (Kein Sato, 67. min).
3 - Espainia: Arnau Tenas; Marc Pubill, Eric García, Pau Cubarsi, Juan Miranda; Pablo Barrios, Fermin Lopez (Diego Lopez, 83. min), Alex Baena (Adrian Bernabe, 70. min); Sergio Gomez (Miguel Gutierrez, 88. min), Aimar Oroz (Beñat Turrientes, 83. min) eta Abel Ruiz (Samu Omorodion, 88. min).
Golak: 0-1: Fermin Lopez, 11. min. 0-2: Fermin Lopez, 74. min. 0-3: Abel Ruiz, 86. min.
Epailea: Beida Dahane (Mauritania) txartel horia atera die Rihito Yamamotori, Eric Garciari, Alex Baenari eta Fermin Lopezi.
Gertakariak: Olinpiar Jokoetako multzoen faseko final-laurdenetako partida, Lyongo estadioan.