Itxi

Futbola

Eurokopa

Ingalaterrak Herbehereak menderatu ditu (1-2), finalerdietan, eta Espainiaren aurkaria izango da, finalean

EITB MEDIA

Finala igandean jokatuko dute, uztailaren 14an, 21:00etan, Berlinen. Bigarren finalerdian, Watkinsek, 90. minutuan sartutako gol bikain baten bidez, finalerako txartela eman dio Ingalaterrari; Simonsek egin du Herbehereetako gola, eta Kanek sartu du 1-1ekoa.

  • Watkinsek, gol erabakigarria sartuta, taldekideekin ospatu du, pozarren. Argazkia: EFE.

    Watkinsek, gol erabakigarria sartuta, taldekideekin ospatu du, pozarren. Argazkia: EFE.

Ingalaterra Alemanian jokatzen ari diren 2024ko Eurokopako finalerako sailkatu da, asteazkenean, Dortmunden izandako bigarren finalerdian Herbehereak 1-2 kanporatuta. Xavi Simonsek, zazpigarren minutuan, 1-0ekoa sartu du, eta Herbehereak aurretik jarri ditu, Harry Kanek, penaltiz, 18. minutuan, 1-1ekoa egin du, eta Ollie Watkinsek, 90. minutuan, gol ederra lortuta, garaipena eman dio bere selekzioari.

Horrenbestez, Ingalaterra izango da Espainiaren aurkaria Eurokopa honetako finalean. Titulua irabazteko partida erabakigarria, Espainia-Ingalaterra, igandean jokatuko dute, uztailaren 14an, 21:00etan, Berlinen. Espainiak laugarren aldiz bereganatu nahi du Eurokopa, 1064an, 2008an eta 2012an eskuratu baitzuen, eta Ingalaterrak, egungo txapeldunordea bera, aurrenekoz irabazi ahal du txapelketa.

Herbehereen eta Ingalaterraren arteko norgehiagokan, Gareth Southgatek entrenatzen duen taldeak garaipen ederra erdietsi du. Ingalaterrako selekzioak emaitza irauli behar izan du, Herbehereek sartu dutelako partidako lehenengo gola; Simonsek egin du, areaz kanpotik, jaurtiketa bikain baten ondorioz. Lehen ordu laurdena beteta, Kaneri penaltia egin diote, Ingalaterrako kapitainak berak hartu du jaurtitzeko ardura; Kanek ezin hobeto sartu du penaltia. Hortik aurrera, Ingalaterrak aurkariak baino gehiago kontrolatu du jokoa, eta ondo nagusitu da norgehiagokan; Herbehereek, nolanahi ere, erakutsi du, zenbait jokalditan, arriskua sortzeko gauza zela.

Watkins, area barruan egindako mugimendu oso on baten ostean, Verbruggen Herbehereetako atezainaren sareetara bidali du baloia, 90. minutuan, eta, hala, Ingalaterra igandeko final handirako sailkatu da.

Fitxa teknikoa

1 - Herbehereak: Verbruggen; Dumfries (Zirkzee, 93. min), De Vrij, Van Dijk, Ake; Reijnders, Schouten; Malen (Weghorts, 46. min), Simons (Brobbey, 91. min), Gakpo; Memphis (Veerman, 35. min).

2 - Ingalaterra: Pickford; Walker, Stones, Guehi, Trippier (Shaw, 46. min); Rice, Mainoo (Gallaguer, 91. min); Saka (Konsa, 91. min), Bellingham, Foden (Palmer, 76. min); Kane (Watkins, 76. min).

Golak: 1-0, 7. min: Xavi Simons. 1-1, 15. min: Kane, penaltiz. 1-2, 90. min: Ollie Watkins.

Epailea: Felix Zwayer (Alemania). Herbehereetako Dumfries, Van Dijk eta Xavi Simons, eta Ingalaterrako Bellingham eta Saka zigortu ditu, txartel horia aterata.