Itxi

Futbola

FINAL-LAURDENAK

Frantziak penaltietan kanporatu du Portugal, eta Espainiaren aurka jokatuko du Eurokopako finalaurrekoa

EITB Media

Bi selekzioak ez dira gai izan 120 minututan golik sartzeko, eta Frantziak penaltietan lortu du finalaurrekoa jokatzeko txartela, Joao Felixek bere jaurtiketa huts egin eta gero.

  • Frantziako selekzioko jokalariak, pozarren, Portugal penaltietan menderatu ostean. Argazkia: EFE

    Frantziako selekzioko jokalariak, pozarren, Portugal penaltietan menderatu ostean. Argazkia: EFE

Frantziak penaltietan menderatu du Portugal, eta Eurokopako finalaurrekoan Espainiaren aurka neurtuko ditu indarrak. Roberto Martinezen taldeak hobeto jokatu du, baina partida oso parekatua izan da, eta bi taldeetako bat ere ez da gai izan 120 minututan golik sartzeko.

Aukera arriskutsuenak Vitinhak, Bruno Fernandesek, Crisitiano Ronaldok, Kolo Mounaik eta Camavingak sortu dituzte, baina norgehiagoka eta luzapena golik gabe amaitu dira azkenean.

Penaltietan, Ousmane Dembelek egin du Frantziaren lehen gola (0-1); Cristiano Ronaldok sartu du Portugalen lehena (1-1); Yousouff Fofanak egin du 1-2koa, eta Bernardo Silvak berdinketa ezarri duena (2-2); Jules Koundek aramu-sarea kendu dio ateari, zartako bikain batekin (2-3); Joao Felixek jaurtitako baloiak, berriz, zutoina jo du, eta Bradely Barcolak aukera baliatu du frantziarren aldea handitzeko (2-4); Nuno Mendesek emozioa jarri du (3-4), baina Theo Hernandezek ez du barkatu eta penalti erabakigarria sartu du (3-5).  

Horrela, Frantziak Espainiaren aurka jokatuko du datorren asteartean Eurokopako lehen finalaurrekoa.

FITXA TEKNIKOA

0 (3) - Portugal: Diogo Costa; Cancelo (Semedo, 74. min), Rúben Dias, Pepe, Nuno Mendes; Bruno Fernandes (Conceiçao, 74. min), Palhinha (Rúben Neves, 91. min), Vitinha (Matheus Nunes, 119. min); Bernardo Silva, Cristiano Ronaldo eta Rafael Leao (Joao Félix, 105. min).

0 (5) – Frantzia: Maignan; Koundé, Upamecano, Saliba, Hernández; Kanté, Tchouaméni, Camavinga (Fofana, 91. min); Kolo Muani (Thuram, 86. min), Griezmann (Dembélé, 67. min) eta Mbappé (Barcola, 105. min).

Penaltiak: 0-1: Dembele; 1-1: Cristiano; 1-2: Fofana; 2-2: Bernardo Silva; 2-3: Kounde; 2-3: Joao Felix, zutoinera; 2-4: Barcola; 3-4: Nuno Mendes; 3-5: Theo Hernández.

Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra). Txartel horia atera die Palhinhari (79. min) eta Salibari (84. min).

Gertakariak: Final-laurdenetako partida Hanburgoko Volksparkstadion estadioan jokatu da, 57.000 ikusleren aurrean.