Itxi

Futbola

Pariseko Olinpiar Jokoak

Irene Paredes, Oihane Hernandez eta Lucia Garcia Olinpiar Jokoetan izango dira, Espainiako selekzioarekin

EITB MEDIA

Realeko Elene Lete ez dago behin betiko zerrendan, baina ordezko gisa joango da Parisera, eta Maite Oroz azken deialditik kanpo gelditu da. Halaber, Alemaniak Athleticeko Bibiane Schulze hautatu du.

  • Irene Paredes, 2023ko Munduko Txapelketako finalean. Argazkia: EFE.

    Irene Paredes, 2023ko Munduko Txapelketako finalean. Argazkia: EFE.

FC Bartzelonako Irene Paredes eta Real Madrileko Oihane Hernandez atzelariak eta CF Monterreyko Lucia Garcia aurrelaria 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan izango dira, Espainiako selekzioarekin, Montse Tome Espainiako taldeko hautatzaileak txapelketarako prestatu duen behin betiko deialdian sartu baititu. Realeko Elene Lete atezaina ez dago zerrenda horretan, baina ordezko gisa joango da Parisera, eta Maite Oroz erdilaria (Real Madril) azken deialditik kanpo gelditu da.

Testuinguru horretan, Espainiako selekzioa, Olinpiar Jokoetan, C multzoan lehiatuko da, multzo fasean, eta uztailaren 25ean jokatuko du aurreneko partida, Bordelen, Japonia aurkari. Uztailaren 28an Nantesen, Nigeriaren kontra arituko da, eta hilaren 31n, Bordelen berriro ere, Brasilen aurka jokatuko du. Final laurdenak abuztuaren 3an izango dira, eta finalerdiak abuztuaren 6an; brontzezko domina irabazteko partida abuztuaren 9rako dago iragarrita, eta abuztuaren 10ean Olinpiar Jokoetako final handia jokatuko dute.

Paredes, Oihane Hernandez, Lucia Garcia eta Lete kenduta, beste jokalari hauek daude Tomek egindako deialdian: Cata Coll eta Misa atezainak, Ona Batlle, Aleixandri, Olga eta Codina atzelariak, Patri, Teresa, Aitana, Alexia eta Jenni Hermoso erdilariak, eta Athenea, Paralluelo, Mariona eta Eva Navarro aurrelariak. Redondo, Mendez eta Vicky ordezko gisa joango dira.

Bitartean, Bibiane Schulze Athleticeko atzelaria Alemaniak deitu du, Olinpiar Jokoetarako. Alemaniako selekzioa B multzoan arituko da, eta Estatu Batuak, Zambia eta Australia izango ditu aurkari.